FESTIVAL INTERNACIONAL DE CINE INVISIBLE "FILM SOZIALAK" DE BILBAO

2022. Bilboko "Film Sozialak" Nazioarteko Zinema Ikusezinaren 14. Jaialdia
2022-10-13 - 2022-10-20

Arloa
Nazioartekoa

Klasea
Bestelakoak

Cary Grantek Hitchcocken Suspicion (Susmoa) filmean zioenez, goitik hastea da arrakastaren sekretua. Kontuan izan behar da aktorea bizizale erakargarri bat zela film hartan. Baieztapen horrek errealitate triste bati erantzuten dio. Bestela, galdetu gerrateak bizi dituzten pertsonei, migratzaileei, egunero kristalezko sabai kontaezinei aurre egiten dieten emakumeei, XXI. mende bete-betean eskubideak lehengoratuta ikusi dituztenei edo baztertuta dauden pertsona guztiei, izan dibertsitate funtzionalagatik, sexualagatik eta/edo generoarenagatik, izan gai ekonomikoengatik... Bilboko «Film Sozialak» Zinema Ikusezinaren 14. Nazioarteko Jaialdiak pertsona horien guztien ahots izaten jarraitzen du, eta giza garapen berdinzalea eta jasangarria bultzatzen. Zoritxarrez, road movie honetan kontrako noranzkoan doa joera; egunetik egunera lankidetza baino gehiago transmititzen da polarizazioa, eta belikotasuna modan jarri da berriro, ondorio larriekin jarri ere. Beldurrezko film bat balitz bezala, Nazio Batuen Erakundeak atzerapauso larriak ohartarazi ditu giza eskubideetan, emakumeen eskubideetan, muturreko pobreziaren gorakadan, desberdintasunetan eta bidegabekerian, eta berretsi du larriki ari direla narriatzen espazio zibiko eta demokratikoak. Horretaz gainera, zinema apokaliptikoa berdindu nahirik, erakunde horretako idazkari nagusiak klima-aldaketaren eta gosearen aurkako premiazko neurriak eskatu ditu. Zer egiten dugu hau merezi izateko? Oraindik badugu zerbait egiterik! Zortzi urte geratzen dira Garapen Jasangarrirako Helburuak lortzeko. Planeta osoan inpaktu positiboa izan dezaketen aldaketak abiaraztera gonbidatzen gaitu Bilboko Zinema Ikusezinaren Jaialdiak, eta, ildo horretan, hainbat kontakizun sustatzen ditu, inoiz ez baita izaten kontakizun bakarra, ez eta film bakarra ere. Ildo beretik, aldaketaren aldeko emozio berriak pizteko gonbita ere egiten digu, feminismoak edo ekologismoak joan den mendeko 70eko urteetan egin zuten bezala, eta internazionalismoak eta intsumisioaren mugimendu antimilitaristak geroago egindakoaren bidetik. Badator negua! Ez dago denbora galtzerik. Animatu eta ekin, guztien onerako! Zatoz Bilboko Zinema Ikusezinaren Jaialdira, eta kargatu aldaketarako zure energia jasangarriak! J. Carlos Vázquez Velasco Zuzendaria Kultura Communication Desarrollo KCD GGKE Bilboko «Film Sozialak» Zinema Ikusezinaren Nazioarteko Jaialdia

Sariak

SARIAK ETA BABESLEAK PREMIOS Y PATROCINIOS

1) IRAUNKORTASUN SARIA / PREMIO SOSTENIBILIDAD
Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentzia
Agencia Vasca de Cooperación para el Desarrollo (2.000 €)

2) GIZA ESKUBIDEEN SARIA / PREMIO DERECHOS HUMANOS
Bizkaiko Foru Aldundiko Berdintasuna, Lankidetza eta Herritarren Eskubideetarako Zuzendaritza Nagusia
Dirección General de Igualdad, Cooperación y Diversidad de la Diputación Foral de Bizkaia (2.000 €)

3) EMAKUME BATEK BURUTUTAKO LANIK ONENARI SARIA / PREMIO A LA MEJOR OBRA REALIZADA POR UNA MUJER
Emakundek - Emakumearen Euskal Institutua
Instituto Vasco de la Mujer - Emakunde
(2.000 €).

4) GENERO BERDINTASUNAREN SARIA / PREMIO EQUIDAD DE GÉNERO
Bilboko Udaleko Lankidetza, Bizikidetza eta Jaietako Saila
Área de Cooperación, Convivencia y Fiestas del Ayuntamiento de Bilbao (2.000 €).

5) KULTURARTEKOTASUNAREN SARIA / PREMIO INTERCULTURALIDAD
Eusko Jaurlaritzako Migrazio eta Asilo Zuzendaritza
Dirección de Migración y Asilo del Gobierno Vasco (2.000 €).

6) BALIOETAN OINARRITUTAKO HEZKUNTZAREN SARIA / PREMIO EDUCACIÓN EN VALORES
Barakaldoko Udal Gorenaren Kultura, Hezkuntza, Euskara eta Gazteria Arloa
Área de Cultura, Educación, Euskera y Juventud del Ilustre Ayuntamiento de Barakaldo (2.000 €)

7) IKUSENTZULEEN SARIA / PREMIO DEL PÚBLICO
Bizkaiko Abokatuen Elkargo Ohoretsua - Ilustre Colegio de la Abogacía de Bizkaia (2.000 €).

8) EUSKARAZ EGINDAKO LAN SOZIAL ONENARI SARIA / PREMIO A LA MEJOR OBRA REALIZADA EN EUSKERA
Getxoko Udalaren Lankidetzarako Arloa
Área de Cooperación del Ayuntamiento de Getxo
(2.000 €).

9) FILM SOZIALAK SARIA / PREMIO FILM SOZIALAK
Mungiako Udala
Ayuntamiento de Mungia (2.000€)

10) INVISIBLE EXPRESS SARIA / PREMIO INVISIBLE EXPRESS
EHUko Garapenerako Lankidetza Bulegoa
Oficina de Cooperación al Desarrollo UPV/ EHU (1.000 €).
11) INVISIBLE EXPRESS IKUSENTZULEEN SARIA / PREMIO DEL PÚBLICO INVISIBLE EXPRESS
EHUko Garapenerako Lankidetza Bulegoa
Oficina de Cooperación al Desarrollo UPV/EHU (500€)

AIPAMEN BEREZIAK / MENCIONES ESPECIALES
• IES IBARRREKOLANDA BHI (BILBAO) - CIFP NICOLAS LARBURU (BARAKALDO)
10 urtetan zehar Jaialdiarekiko bere konpromisoa erakusteagatik.
Por sus 10 años de compromiso con el festival.

• CIFP SATURNINO DE LA PEÑA BHI (SESTAO)
5 urtetan zehar Jaialdiarekiko bere konpromisoa erakusteagatik.
Por sus 5 años de compromiso con el festival.

Oinarria

1. Nork har dezake parte lehiaketan?
Munduko edozein lekutako pertsonek zein herritarrek har dezakete parte lehiaketan, edozein dutela ere jatorria edo nazionalitatea. Adingabeek, berriz, dagokien pertsona helduaren baimena behar dute (gurasoak, legezko tutoreak…).
Lan bat edo gehiago aurkez ditzake pertsona edo talde bakoitzak, betiere egile- edo banaketa-eskubideen jabe badira. Jaialdiak ez du bere gain hartzen alor horri dagozkion arau-hausteen erantzukizuna.
Oinarri hauetan deskribatutako sailkapenen batean sartzen diren euskarri digitaleko filmek ere har dezakete parte lehiaketan, bai eta beste jaialdi edo eremu batzuetan proiektatutako lanek ere.
Ezin dute parterik hartu aipatutako baldintzak betetzen ez dituzten pertsonek.
Jaialdian parte hartzeak berekin dakar oinarri eta baldintza hauek guztiak onartzea, batere salbuespenik gabe.

2. Nola eman izena eta nola bidali lanak:
Jaialdian parte hartzeko, online eman behar da izena, haren antolatzaile den KCD GGKE erakundearen webgunean duzuen inprimakia beteta: https://www.kcd-ongd.org
Euskarri digitalean zein fisikoan (DCP) bidal daitezke lanak. Parte-hartzaileek ordaindu behar dituzte lanak bidaltzeko eta itzultzeko gastuak.
Ez dira onartuko lanak baldin eta dagokien dokumentazioa ez bada bidali antolatzaileek ezarritako epearen barruan.
a) Nola bidali lanak Internet bidez
Hona lanak Internet bidez bidaltzeko dauden aukerak:
• www.festhome.com eta www.clickforfestivals.com atariak (HD kalitatea onartzen dute).
• Vimeo edo Youtube, iraungitze-datarik gabeko deskarga-baimenarekin, esteka honetara: cineinvisible@kcd-ongd.org.
• Dropbox, Myairbrigde, Mega, Wetransfer eta antzeko plataformen bidezko deskarga-estekak, helbide honetara: cineinvisible@kcd-ongd.org.
b) Bidalketa fisikoak (DCP bakarrik)
• Posta arruntez, helbide honetara:
«Film sozialak» Nazioarteko Zinema Ikusezinaren Jaialdiaren bulegoa
Kultura Communication y Desarrollo KCD GGKE
Innobak eraikina ­– Inguralde Beurko Zaharra 3, 38. pabilioia, 12. bulegoa
48902, Barakaldo – Bizkaia, Espainia
Ohar garrantzitsua: Nazioarteko bidalketetan, idatzi gutun-azalean
«BALIO KOMERTZIALIK GABEKO ERAKUSGAIA. ERABILERA KULTURALERAKO DA, SOILIK»
• KCD GGKEak egoki deritzen beste bide batzuk, dagokienean jakitera emango dituenak.
Jaialdiaren antolatzaileen irizpideen arabera bakarrik sar daitezke lehiaketan 2022ko maiatzaren 1a baino geroago bidaltzen diren lanak, aipatutako baldintzak betetzen ez dituztenak eta/edo behar den dokumentazioa ez dutenak.

Jaialdiak ez dio inolako kontraprestazio ekonomikorik ordainduko aurkeztutako lana erregistratu duenari edo haren gaineko eskubideak dituenari.
3. Zer dokumentazio aurkeztu behar den
Dokumentazio hau aurkeztu behar dute parte-hartzaileek:
a) Zuzendariaren edo zuzendarien argazkia.
b) Zuzendariaren edo zuzendarien curriculuma eta filmografia.
c) Lanaren kartela.
d) Lanarekin lotura duten hiru fotograma edo argazki, ahalik eta kalitaterik onenekoak. Jasotako argazkirik onenek honetarako aukera dute:
◦ Jaialdiko kartelaren irudi nagusia izateko.
◦ Bilboko metroko geltokietan ikusgai jarriko den erakusketan parte hartzeko (erakusketaren gaia: 2022ko Bilboko «Film sozialak» Nazioarteko Zinema Ikusezinaren Jaialdia).
e) Fitxa tekniko handituan azaltzeko, jaialdiak erabakitzen duen euskarrian.
f) Obra proiektatzeko bertsioa egiteko (ahalik eta kalitate-mailarik onena, eta ur-markarik gabea).
4. Zer baldintza bete behar dituzten lanek
Oinarri eta baldintza hauek bete behar dituzte lanek, onartuak izan daitezen:
• Zinemaldiaren lau gai-multzoetako bat —gutxienik— jorratu behar dute.
• Fikziozko lanak, animaziokoak eta dokumentalak aurkez daitezke (film laburrak, ertainak zein luzeak).
• Jatorrizko hizkuntzan aurkeztu behar dira lanak. Hizkuntza hori ez baldin bada ez gaztelania ez euskara, bi hizkuntza horietako batean azpititulatu behar dira (euskaraz edo gaztelaniaz).
• 2020ko urtarrilaren 1a baino geroago eginak behar dute izan aurkezten diren lanek.
5. Zinemaldiaren kategoriak
Lau gai-arlo hauetan banatzen ditu zinemaldiak hautatutako lan guztiak:
• Jasangarritasuna: zenbait garapen-ereduren inpaktu sozial, politiko, ekonomiko eta ingurumenekoei buruzko ikus-entzunezko lanak, eta gizakion ongizateari eta jasangarritasunari laguntzen dioten proposamen alternatiboei buruzkoak.
• Genero-berdintasuna: berdintasunaren kultura eraikitzen laguntzen du, eta gizartean genero-berdintasunaren aldeko tresnak sortzen ditu. Gizonen eta emakumeen arteko desberdintasunari buruzko gogoeta eta pentsaera kritikoa bultzatzen dute sail horretako lanek, eta/edo sistema patriarkalarekiko eredu alternatiboak proposatzen.
• Kulturartekotasuna: munduko kulturen aberastasuna eta aniztasuna erakusten dute lanek, bai eta hauekin lotura duten zenbait gai ere: giza migrazioak; kultura desberdinetako jendearen arteko bizikidetza; arrazismoagatik, segregazioagatik, xenofobiagatik eta beste diskriminazio-modu batzuengatik egindako salaketak.
• Giza eskubideak: giza eskubide indibidual eta kolektiboen sustapenari eta bermeari buruzko ikus-entzunezko lanak, bai eta oinarrizko askatasunen aldeko borrokari buruzkoak ere. Kategoria horretan sartzen dira, halaber, korronte politiko autoritario, elitista, arrazista, xenofobo, LGTI+fobo eta edonolako diskriminazio-motaren aurkako jarrera sustatzen duten lanak, bai eta pobrezia eta gizarte-bazterketa eragiten duten zergatiak salatzen dituztenak ere.
6. Lanak hautatzeko irizpideak
Emakume- eta gizon-kopuru bera izango du Zinema Ikusezinaren Jaialdiko Hautaketa Batzordeak, Zinemaldiko lanak aukeratuko dituenak, alegia.
Irizpide hauen arabera hautatuko dira lanak:
• Zinemaldiaren gai nagusiei egokitzea.
• Kalitate teknikoa.
• Zinemaldiaren xede diren ikusleei egokitzea.
Irizpide horiek alde batera utzi gabe, ekintza positiboak egingo dira hautaketan, honako lan hauek ere sartzeko:
• Munduaren hegoaldeko herrialdeetako zuzendariek egindakoak.
• Emakumeek zuzendatutakoak.
• Euskaraz egindakoak.
• Entzuteko desgaitasuna dutenentzako azpitituluak eta/edo autodeskribapena dituztenak.
Edozein dela ere lanen kategoria, zinemaldiaren hautaketa-batzordeak erabakiko du zein kategoria dagokien. Apelaezina da batzordearen erabakia.
2022ko uztailaren amaieran jakinaraziko zaie parte-hartzaile guztiei hautatu dituzten ala ez beren lanak. Hautaketa-batzordearen erabakia jakinarazi ondoren, ezin da erretiratu jaialditik hautatutako lana.
Jaialdiaren programazioa prestatutakoan, proiekzioak non eta zer egunetan izango diren jakinaraziko zaie hautatutako lanen zuzendariei (2022ko irailean, gutxi gorabehera).
Hautatutako lanen egileak proiekzioetara joateko baliabideak jarriko dira (garraio-, ostatu eta mantenu-gastuak bere gain hartuko ditu zinemaldiak), baldin eta antolatzaileek egoki irizten badiote edo horretarako dirurik badauka.
7. Epaimahaia
Genero-berdintasuna sustatzearren, emakumeak izango dira epaimahaiko kideen % 66. Jarduera hauetan diharduen jendeak osatuko du epaimahaia: garapenerako lankidetza eta elkartasuna, ikus-entzunezkoa eta komunikazioa, eta beste zenbait alor sozial, kultural eta artistiko. Kategoria guztietako sariak banatuko ditu epaimahaiak, Balio Hezkuntzaren Saria, Ikusleen Saria eta Zinema Ikusezina Saria izan ezik. Apelaezinak dira kategoria guztietako erabakiak.
8. Sariak
8.1. Ohar orokorrak
Kasu guztietan, inongo lehiakideri eman gabe gera daitezke jarraian deskribatuko diren sariak, egoera zein den.
Eskudirutan ematen diren sariei, berriz, Espainiako legeriaren zergak eta erregulazioak dagozkie (BEZa edo PFEZ).
8.2. Zer diru-kopuru jasoko duten sarituek
Guztira, bederatzi sari banatuko ditu Bilboko «Film sozialak» Nazioarteko Zinema Ikusezinaren Jaialdiak, eta sarietako bakoitza BI MILA EUROKOA izango da (2.000 euro); dena dela, eskubidea dute antolatzaileek kopuru hori aldatzeko, dagokien erakundeek egiten dituzten ekarpenen arabera.
Hautatuak izan diren gai-multzoko sarirako gehi aipatu ditugun sarietarako lehiatuko dira aukeratutako lanak, eta filmen zuzendariei emango zaizkie sariak, inskripzio-fitxan jasotako datuen arabera.
Hona zer sari banatuko diren:
◦ Bosgarren atalean deskribatutako gai-multzoei dagozkienak:
◦ Jasangarritasuna kategoriako saria.
◦ Genero-berdintasuna kategoriako saria.
◦ Kulturartekotasuna kategoriako saria.
◦ Giza eskubideak kategoriako saria.
◦ Kategoria hauetako sariak ere banatuko dira:
◦ Emakume batek egindako Lan Onenaren Saria: emakume zinemagileen ikusgaitasuna sustatzen du sariak, eta haien partaidetza handiagoa ikus-entzunezko komunikazioan, lan bakoitzak jorratzen duen gaiaz landa. Zinemaldiko edozein gai-multzotan esku hartzen duten emakumeek zuzendutako edo kozuzendutako lan guztiak sartzen dira.
◦ Euskaraz egindako Gizarte Ekintza Onenaren Saria: euskaraz egindako eta/edo azpititulatutako lan guztiak sartzen dira, edozein gai-multzotakoak direla ere. Ez dira sartzen kategoria horretan gaztelaniaz egin eta euskaraz azpititulatutako lanak. Euskaraz ez ezik beste hizkuntza batzuetan ere egindako lanei dagokienez, zinemaldiaren antolatzaileek erabakiko dute kategoria horretan sartzen diren ala ez.
◦ Zinema Ikusezinaren Saria: euskaraz zein gaztelaniaz egindako lan guztiak sartzen dira, edozein gai-multzotakoak direla ere. Sariaren helburua: zuzendari baten lana sustatzea, jaialdiaren irizpideei jarraikiz.
◦ Balio Hezkuntzaren Saria: jaialdiaren egoitza diren batxilergoko eta lanbide-heziketako ikastetxeetan proiektatzen diren lanak sartzen dira, edozein gai-multzotakoak direla ere. Film laburrak bakarrik proiektatzen dira ikastetxe horietan. Helburua: zinema soziala, balio sozialak eta pentsaera kritikoa sustatzea ikasleen artean. Ikasleek erabakitzen dute, bozketa bidez, zein den filmik onena.
◦ Ikusleen Saria: ikusleen partaidetza sustatzea du xede kategoria horrek, non lanak baloratzeko eta botoaren bidez beren zuzendaririk gogokoena hautatzeko aukera ematen baitzaie jaialdiko ikusleei. Ikastetxeak ez diren egoitzetan proiektatutako lehiaketako lan guztiak sartzen dira kategoria horretan (sari propioa dute ikastetxeetan proiektatzen direnek).
9. Datuen babesa eta konfidentzialtasuna
Oinarri hauei jarraikiz tratatutako da —soil-soilik— ematen den informazioa eta, ahal den neurrian, datuen konfidentzialtasun zorrotza bermatuko da lehiaketako proiektuen hedapenari eta partaidetzari dagokienez. Honetarako tratatuko ditu KCD GGKEak lehiaketan esku hartzeko emandako datu pertsonalak: lehiakideen partaidetza kudeatzeko eta, hala badagokio, sariak esleitzeko. Lehiaketa amaitu eta hurrengo sei urteak igaro arte gordeko dira jasotako datu pertsonalak, sor daitezkeen lege-erantzukizunei aurre egiteko.
Noiznahi balia ditzake interesdunak datuak eskuratu, zuzendu, ezabatu, tratamendua mugatu, aurkaratu eta beste operadore batera eramateko eskubideak, oinarri hauen hasieran ageri den helbidera zein info@kcd-ongd.org-era idatziz, 94 602 46 68 telefono-zenbakira deituz edo helbide honetara joz: KULTURA, COMMUNICATION Y DESARROLLO «KCD», Beurko Zaharra 3, 38. pabilioia, 12. bulegoa. PK: 48902 – Barakaldo.
Hala behar izanez gero, dagokion nortasun-agiriaren kopia eskatuko da, datuen segurtasuna bermatzearren. Noiznahi balia ditzake interesdunak bere eskubideak, datu-babesaren alorrean eskuduna den agintaritzaren aurrean.
10. Jabetza intelektuala eta industriala, eta irudi-eskubideak
Espresuki adierazten dute parte-hartzaileek lehiaketara aurkezten dituzten bideoen jatorrizko egileak direla, bai eta haien irudi, gidoi eta musikarenak ere. Debekatuta dago hirugarren batzuek egindako lanak aurkeztea, bai argitaratu gabeak, bai argitaratuak, bai hirugarrenen batek haien gaineko eskubideren bat duenak. Debekatuta dago, halaber, hirugarren batzuen jabetza intelektualak edo industrialak osorik edo partez babesten duen filmik aurkeztea. KCD GGKEak ez du bereganatzen inongo erantzukizunik aurkezten diren lanek ez badituzte betetzen baldintza horiek.
Honenbestez, hori guztia adierazi duen parte-hartzaileak baimena ematen dio KCD GGKEari jasotako lanak eta parte-hartzaileen izen-deiturak, irudia eta ahotsa erreproduzitu, erabil eta heda ditzan, osorik zein partez, eta egoki deritzon modura aldatu eta egokitu, lehiaketa honekin edo KCD GGKEarekin lotura duten publizitate- eta/edo sustapen-jarduera orotan, edozein hedabidetan, Internet ere barne dela. Jarduera horiek ez diote ematen interesdunari inongo ordainik edo etekinik eskuratzeko, oinarri hauei jarraikiz irabazten duen saria jasotzekoa izan ezik.
Zehazki, hautatutako lanen gaineko eskubideak dituzten pertsonek zein erakundeek espresuki ematen diote honetarako baimena KCD GGKEari:
• Publikoaren aurreko erakustaldi irekietan aurkeztutako lanak, argazkiak eta mugimenduan diren irudiak erreproduzitu, ikuskatu eta proiektatzeko, jaialdian esku hartzen duten bitartean behar bezainbat aldiz, barne direla zinemaldia hasi aurreko sustapen-proiekzioetakoak eta hura amaitu orduko egingo direnetakoak.
• Zinemaldian ikusteko eta erakusteko behar diren euskarrietara lanak egokitzeko.
• Jatorrizkoaz bestelako hizkuntzetara lanak bikoizteko eta/edo azpitituluak jartzeko.
• Lanaren irudiak eta/edo zatiak erabiltzeko zinemaldia sustatzeko ikus-entzunezkoan, prentsa-txostenean, informazio-karteletan eta/edo zinemaldiaren webgune ofizialean, haren sustapen-lanak egiteko.
• Lehiaketarako hautatutako lanetako materiala erabiltzeko jaialdiari buruzko ikus-entzunezko materialak eta inprimatuak sustatzeko eta hedatzeko (katalogoa, sustapen-iragarkia, Interneteko webgunea, erakusketak).
Kultura, Communication y Desarrollo KCD GGKEaren artxibategian gordeko dira lehiaketara aurkezten diren lanak. Hautatutako lanetakoren bat jaialditik landa erabiltzen badu KCD GGKEak kultura- edo hezkuntza-eginkizunetarako, lanaren zuzendariari berariazko baimena eskatu behar zaio, aldez aurretik, eta kontratua sinatu harekin.
11. Lanak ikusteko baldintzak
Sail ofizialetako programazioa presentziala izatea da Bilboko «Film sozialak» Nazioarteko Zinema Ikusezinaren Jaialdiaren asmoa. Proiekzioak presentzialki egiterik ez badago, online egingo dira.
Online egingo dira palmareseko filmen proiekzioak (aurtengo jaialdia irabazi dutenenak, alegia), edozein dela ere egoera, antolatzaileek erabilgarri duten «Film sozialak» onlineko streaming-plataformaren bidez.
Onlineko proiekzioak egiteko, erregistratu egin behar da webgunera sartzeko; denbora-epea, berriz, mugatua da.
12. Iruzurrezko partaidetzak eta lehiakideak deskalifikatzeko beste zenbait arrazoi
Anomaliaren bat detektatzen bada, edo edozein prozedura tekniko edo informatikoren bidez partaidetza legez kanpo aldaraziz edo oinarri hauek beste zeinahi eratara urratuz parte-hartzaileren bat lehiaketaren jarduera normala oztopatzen ari dela susmatzen, jaialdiak alde bakarrez erabaki dezake parte-hartzaile hori lehiaketatik kanpo uztea. Apelaezina da jaialdiaren erabakia.
Beste era batera esanda, eskubidea du KCD GGKEak edozein parte-hartzaile deskalifikatzeko, baldin eta irregulartasun-susmorik edo -frogarik badago.
Ez da onartuko eduki iraingarririk, indarkeriazkorik edo jende arruntaren sentsibilitatea urra dezakeenik, ez eta legearen kontrako jarduerarik bultzatzen duenik ere. Eskubidea du KCD GGKEak parte-hartzaile hauek lehiaketara ez onartzeko: irudi desegokiak dituzten lanak eta estetikarekin, etikarekin eta gustu onarekin bat ez datozenak egin dituztenak.
13. Erantzukizunik ez
KCD GGKEak ez du inolako erantzukizunik bereganatuko etenik edo akatsik gertatzen baldin bada lehiaketan parte hartzeko eskabidea egiteko prozesuan.
KCD GGKEak ez du inolako erantzukizunik bereganatuko parte-hartzaileren bat lehiaketatik kanpo geratzen bada lehia atzeratzearen eta, horrenbestez, zegokion epetik kanpo egitearen ondorioz.
Halaber, KCD GGKEak ez du inolako erantzukizunik bereganatuko parte-hartzaileek ez badituzte lege-arauak eta oinarri hauek betetzen.
Bestalde, irabazleren batek sariari uko egiten badio, ez du eskubiderik inolako kalte-ordainik edo konpentsaziorik jasotzeko.

14. Baldintza orokorrak
Lehiaketan parte hartzeak berekin dakar erabat onartzea oinarriak eta KCD GGKEaren irizpideak haien interpretazioari eta sor daitezkeen gorabehera ororen konponbideari dagokienez.
Eskubidea du KCD GGKEak oinarri hauen ordez antzeko beste batzuk ezartzeko, hala behar izanez gero.
Eskari hauei aplikatuko zaizkie oinarriak: haiek onartzen diren egunetik aurkezten direnei, betiere horretarako epearen barruan. Epea luzatzea erabaki dezake KCD GGKEak.
Espainiako legeria dute gidari oinarriek eta lehiaketak, eta Bilboko auzitegi eta epaitegietara joko dute parte-hartzaileek eta KCD GGKEak baldin eta auziren bat sortzen bada lehiaketa dela eta. Bestalde, berariaz egiten diote uko alderdiek beste zeinahi foruri, legeak besteren bat agindu ezean.
Bilbon, 2021eko abenduaren 30ean.

KOMUNIKAZIOA
Honako dibulgazio-tresna hauek ditu jaialdiak:
Webgunea: https://www.kcd-ongd.org
Twitter: @KCDONGD
Facebook: @CineInvisibleBilbao
Instagram @kcdongd
Tel.: +34 946024668
Helbide elektronikoa: cineinvisible@kcd-ongd.org

Informazio generikoa

Kultura Communication Desarrollo - KCD GGKE (aurrerantzean, Titularra edo KCD GGKE, aukeran) EAEko Elkarteen Erregistro Orokorrean dago inskribatua —IFZa: G-95550943; helbidea: Beurko Zaharra 3, 38. pabilioia, 12. bulegoa, Barakaldo (Bizkaia) 48902, Espainia—, eta zinemaldi bat antolatuko du, non ohiko zinema-aretoetan normalean proiektatzen ez diren filmak izango baitira ikusgai, askotarikoak eta gizartearekiko konpromisoa aldarrikatzen dutenak.
Bilboko (EAE) «Film sozialak» Nazioarteko Zinema Ikusezinaren 14. Jaialdia antolatzen du KCD GGKEak. Komunikazioaren eta kulturaren bidez garapen gizatiarra, kulturartekoa, bidezkoa eta jasangarria sustatzea du xede KCD GGKE erakundeak, «Film sozialak» Zinema Ikusezinaren Jaialdia antolatzen duenak.
Urtero egiten da Bilboko «Film sozialak» Nazioarteko Zinema Ikusezinaren Jaialdia, non ohiko zinema-aretoetan normalean proiektatzen ez diren filmak izaten baitira ikusgai, askotarikoak eta gizartearekiko konpromisoa aldarrikatzen dutenak.
Ezinbesteko hitzordua dute jaialdi hori gizartea eraldatzeko komunikazioaz, zinema sozialaz eta giza eskubideez arduratzen diren guztiek. Bestalde, ikus-entzunezko lanen bitartez gizateriaren zenbait arlo erakusten dizkiguten guztien aintzatespen-eremua ere bada Zinemaldia.
Hasieratik, parekotasun-kuotak eta berdintasunaren aldeko ekimen positiboak baliatzen ditu jaialdiak alor guztietan: lanen hautaketa eta hedapena, emakume zinemagileen partaidetza, epaimahaikideen aukeraketa eta abar.
Bilboko Alondegiko Azkuna Zentroa du egoitza nagusia Zinemaldiak; zehazki, han dauden Golem zinema-aretoak. Data ofizialak, berriz, hauek ditu: 2022ko urriaren 13tik 20ra. Dena dela, abuztuan eta irailean ere egingo da zenbait sustapen-proiekzio, zeinak ere sartuko baitira lehiaketan, ikusleen botoak jasota. Zinemaldian saritutako lanak urriaren amaieran eta azaroaren hasieran proiektatuko dira berriro. Gutxienez 25 lekutan jarriko dira ikusgai filmak, eta horietatik 14 Euskadiko hezkuntza formaleko institutuak dira, Batxilergokoak eta Lankide Heziketakoak.