2025-05-06
“Cannes Docs-en aurkezteko hautatuak izateak beste pantaila batera pasatzea esan nahi du, liga berri batean jokatzea, dokumentala galaz janztea”

Nagore Eceiza gipuzkoarrak zuzendutako ‘If You Wish To Make An Apple Pie’ dokumentala maiatzaren 18an aurkeztuko da Cannes Docs 2025eko Spain Showcase-an, ZINEBIk, ICAAk eta ICEXek elkarlanean antolatutako ekitaldian. Proiektu honek nazioarteko plataforma garrantzitsu horretan Espainia ordezkatzeko aukeratu diren lau tituluetako bat da. Elkarrizketan, Eceizak dokumentalaren sorkuntzan izan dituen erronkak eta ikaskuntzak partekatu ditu, baita muntaketa prozesua nola joan den azaldu ere, eta etorkizunerako dituen itxaropenak aditzera eman ditu. Bestalde, ‘Zona Wao’, Fugaz sarietarako izendapena jasotzeko hautagai diren 10 film labur dokumentalen artean dago.
Nola sortu zen 'If You Wish to Make an Apple Pie' obraren ideia eta zerk motibatu zintuen dokumental gisa garatzera?
Dorine Indian filmatzen ari nintzela ezagutu nuen, 2017an. Egun batean, nire aurreko film laburreko aktorea janzteko eta makillatzeko agertu zen set-ean. Pintzelari eusteko bere modu bereziari erreparatu nion; eskuek, batzuetan, gauzak kontatzen dizkigute. Margolaria al zen galdetu nion. Baietz erantzun zidan.
Indiako egonaldiaren azken egunean, bere estudiora joan nintzen, eta han, zuri-beltzeko akrilikozko egitura arkitektoniko imajinarioak deskubritzen zituzten mihise izugarriak irekitzen ari nintzela, elkarri intimitateak aitortu genizkion, agian inoiz gehiago ikusiko ez ginelako ideiaz estutuak. Sekretu handi bat eta artista handi bat aurkitu nituen.
Maletan sartzen zitzaidan bere koadrotxo txiki batekin itzuli nintzen Donostiara, eta etxeko horman zintzilikatu nuen. Nire etxeko hormak biluzik daude eta zuriak dira. Espazio hutsak gustatzen zaizkit. Agian, lanbide honetan, eguna ikusmen-inpaktuak jasotzen igarotzen dudalako izango da, eta etxera iritsi eta dena zuri eta hutsik ikusteak lasaitu egiten nau.
COVIDa iritsi zen. Mundua gelditu egin zen. Eta ni etxean geratu nintzen, horma zuri horiek apaintzen zituen koadrotxo bakar horri begira. Azkenean banuen denbora… eta idazten hasi nintzen.
Zein izan da erronkarik handiena proiektu honi ekiteko orduan?
Donostia eta istorioa gertatzen den lekuaren artean, Indian, dagoen 8.000 km-ko distantzia. Eta protagonisten bizitzak urte hauetan zehar eman dituen birak. Azken finean, ‘If You Wish To Make An Apple Pie’ gaur egungoarekin zerikusirik ez duen kontakizuna izaten hasi zen, eta ziurrenik aldatzen jarraituko du azken momentura arte. Istorio aldakor, delikatu eta hauskor batekin batera bidea egiten jakitea, frustraziorik gabe onartzea ezer ez dela izango nik nahi dudan bezalakoa, bihurgune bakoitzera egokitzen ikastea bihotza ahotik atera gabe, eta filma egiteko prozesu osoa alanbre baten gainean orekak eginez bizitzea; hauskortasun berarekin baina aldi berean protagonistak bere bizitza bizi duen determinazio berarekin.
Proiektua ZINEBI Networking ekimenetik igaro zen 2020an. Zer eragin izan zuen esperientzia horrek dokumentalaren garapenean?
Nire aldeko apustua egin zuen lehen merkatua izan zen, zuzendari berria izanik, baita gaiaren tratamenduaren alde ere. ZINEBI izan zen filmaren garapena bultzatu zuen lehen jaialdia. Zinebi eta Eusko Jaurlaritzaren gidoia garatzeko jaso nuen laguntza erabakigarriak izan ziren ‘If You Wish To Make An Apple Pie’ lanari forma eman edo beste ilusio bat bezala utzi erabakitzeko orduan. Euskal ikus-entzunezkoen sektore batzuk funtsezkoak izan dira filmaren hasierako bultzadan: Eusko Jaurlaritzaren laguntzak, NOKA programa, ZINEBI eta Lau Haizetara. Gero babes gehiago iritsi ziren eta denak erabakigarriak izan dira lasterketa honetan.
Proiektua sortu zenetik gaur arte, nolakoa izan da Cannes Docs-era iritsi arteko bidaia?
Oso bidaia luzea izaten ari da, asko ikasitakoa. Inoiz ez nuen imajinatu, Dorineren eskuei erreparatu nien egun hartan, egin nion galdera horrek nire eta bere bizitza moldatuko zuenik. Senidetuta gaude eta gure bizitzak lotuta geratu dira.
Aliantza asko sortu dira denbora honetan, eta sormen prozesu oso aberasgarriak partekatzeko aukera izan dut Celia Rico eta Diana Toucedo zuzendariekin. Oso ikasgai onak jaso ditut Vanesa Fernandezengandik, Jara Ayucar-en bultzada erakundeetatik, eta Koldo Almandozek nire irudimena elikatu zuen bidaia honen atarikoan. Aranzazu Callejak ekin zion proiektuari, eta ordutik soinu banda pelikularen barruan eta kanpoan jarri du. Sandra Mora izan da nire irakaslea, nire babeslekua, nire baldintzarik gabeko babesa. Izaskun Arandiak eskutik heldu zidan jada uretatik kanpo dagoen arrain bat bezala arnasa hartzen saiatzen ari nintzela. Josemi Beltran nire itzalen lekuko izan da... Istorio honetako kapituluren batean parte hartu duten profesionalek zerrenda luzea osatzen dute dagoeneko.
Pertsona horiei guztiei eta filman dagoeneko kreditu diren beste hainbati: eskerrik asko!
Zer suposatzen du Cannes Docs bezalako espazio batean egoteak eta zein jarduera dituzu aurreikusita Spain Showcase ekimenaren barruan?
Cannes Doc-en aurkezteko hautatuak izateak beste pantaila batera pasatzea esan nahi du, liga berri batean jokatzea, dokumentala galaz janztea. Nazioartean proiektua aintzatestea, lehen lerroan jartzea eta fokuak proiektura bideratzea. Eta ez dugu aukera alferrik galduko. Cannesen, lehen aldiz, filmaren metrajearen 10 minutu erakutsiko ditugu, eta une honetan guretzat oso garrantzitsuak diren sektoreetako profesionalen erreakzioak ezagutuko ditugu.
Zein etapatan dago gaur egun proiektua eta zein urrats datoz ondoren?
‘If You Wish To Make An Apple Pie’ dokumentalak muntaketa-prozesu luze bat du datorren hilabeteetan. Guztira 120 ordu ditugu hiru urtez grabatutako materialarekin, eta puzzleak eraldatzen jarraituko du. Filma muntaian birsortu egingo da, neurri handi batean, eta oraindik ere zati batzuk argitu gabe dauzkat. Baina hasieran ez bezala, ez naiz larritzen. Denbora honetan ikasi dudan gauza positibo bat da materialarekin jolastuz gozatzea, beldurrik eta dramarik gabe esploratzea. Duela urte batzuk esan nion Dorineri, filmeko protagonistari, imajinatzen nuela egun bat bera eta biok alfonbra gorri batetik pasako ginela eskutik helduta. Eta uste dut 2026an gerta daitekeela.