2025-09-08
“Nire helburua ez da ikusleek Eloy de la Iglesia maitatzea, ulertzea baizik”

Gaizka Urresti zinemagileak ‘Eloy de la Iglesia, adicto al cine’ dokumentala aurkeztuko du Donostiako Zinemaldian, euskal zuzendariaren argi-ilunetan murgiltzeko. Aurreiritzietatik haratago, Eloyren figura aldarrikatzen du Urrestik, azpimarratuz bere bizitzak eta obrak frankismo berantiarreko eta Espainiako trantsizioko tentsioak islatzen dituela.
Zerk erakarri zintuen gehien Eloy de la Iglesiaren pertsonaiatik, hari dokumental bat eskaintzeko? Nola erabaki zenuen zer ikuspegi eman?
Dokumental honek historia luzea du. Altube Films-eko Oihana Oleak, Pedro Olearen ilobak, Eloyren laguna eta bere azken filmaren ekoizleak, bultzatu nahi izan zuen zuzendariaren heriotzaren ostean. Hasieran, Diego Galán Eloyren lagun minak zuzendu behar zuen, baina ez zen finantzaketarik lortu eta, hil ondoren, proiektua geldirik geratu zen.
Duela hiru urte, TVE, Eusko Jaurlaritza eta Madrilgo Udala proiektuan sartu ziren, eta horri esker lana martxan jarri zuten berriro. Oihanak 2023an proposatu zidan, Labordetaren inguruko lanarekin Goya saria jaso ondoren, eta onartu egin nuen, baina oso zaila izan da finantzatzea.
Bere biografia, argi-ilunez beterikoa, oso erakargarria iruditzen zitzaidan. Dramatikoki, oso eraldatze arku indartsua du: oso gaztetatik hasi zen zineman, zentsurarekin izan zituen liskarrak, arrakasta, Alderdi Komunistarekin izan zuen harremana, homosexualitatearen bizipena, Jose Luis Manzano bezalako adin txikiko mutilekin zituen loturak, heroinaren infernuetara jaistea eta ondoren sendatzea. Gainera, bere bizitzak eta zinemak ondo azaltzen dute frankismo berantiarreko eta trantsizioko Espainiaren testuinguru historikoa.
Berarekin izan nuen lotura bakarra zera izan zen, ekoizle eta gidoigile taldeko kide gisa egin nuen lehen filma, Javier Maquaren ‘Chevrolet’. Lana Manzanorekin zuen harremanean inspiratuta zegoen. Eloyri ez zitzaion gustatu, kalean sekula bizi izan ez zela esaten baitzuen, nahiz eta bere bizitza eta bere zinea estuki lotuta zeuden.
"Zuzendari toxikomanoaren" aurreiritzitik eta gaztaroan zirrara eta aztoramena eragin zidan zinematik abiatu nintzen. Dokumental hau egiteak leku deseroso batean jartzen ninduen, orain arte miresten nuen jende zintzoa erretratatu izan dudalako beti. Neure buruari galdera hau egiten nion: etikoki eredugarria ez den norbait aldarrikatu al daiteke? Azkenean, ulertu nuen eta maitatzera ere iritsi nintzen.
Dokumentalak nabarmentzen du zer nolako eragina izan duen Eloyren lanak sortzaileengan zein ikusle anonimoengan. Nola transmititzen da inpaktu hori filmean?
Ez nuke esango legatua denik foku nagusia, dokumentalak bere bizitza azaltzen baitu gehiago, pertsonalki eta profesionalki, berarengandik oso hurbil dauden pertsonen bidez. Hasieran, zinemagile garaikideen testigantzak sartzea pentsatu genuen, baina, azkenean, bere istorioan zentratzea erabaki genuen.
Gaspar Noé agertzen da. Berak ez zuen inoiz pertsonalki ezagutu, baina 2023an Parisko Zinematekan Eloyren ziklo integrala aurkeztu zuen. Han aitortu zuen 1996an Donostia Zinemaldiak argitaratutako liburuari esker deskubritu zuela eta pasioz hitz egin zuen bere zinemaz.
Zure ustez, zer aurkituko dute belaunaldi berriek bere zineman, eta zer indar dute gaur egun bere istorioek eta pertsonaiek?
Anekdota argigarri bat daukat. Muntaketan hogei urte inguruko hiru bekadunekin lan egiten nuen, eta aurremuntaia bat erakutsi nien. Hainbeste harritu ziren Interneten bilatu zutela, Eloy eta bere filmak benetakoak ote ziren egiaztatzeko.
Nire ustez, jende gazteari zirrara egingo dio bere zinema urratzaileak, gutxi irudikatutako errealitateak erakusteko zuen gordintasunak. Pepe Sacristanek dokumentalean dioen bezala, espero dut gehiegi ez liluratzea, haren bizitza ez baita jarraitu beharreko eredua.
Baina funtsezkoa da testuinguru historikoa ulertzea: frankismo berantiarra, Francoren heriotza, trantsizioa, askatasunen eta heroinaren eklosioa eta indarkeria politiko eta soziala. Bere filmek tentsio hori guztia islatzen zuten.
Zer erronka nagusiri egin behar izan diozu aurre dokumentala sortzeko prozesuan, narrazioari, ikerketari edo ekoizpenari dagokienez?
Narratiboki, Eloyri elkarrizketen bidez azaltzen utzi genion, nahiz eta iheskorra zen gai pertsonalei zegokienean. Jasotako testigantza asko zailak ziren egiaztatzen, eta gertaera beraren bertsio desberdinak ere eskaintzen zituzten; Manzanorekin izandako harremana, esaterako. Halakoetan nahiago izan nuen begiradak kontrajartzea, publikoak bere ondorioak atera zitzan.
Zenbait momentutan autozentsuratzea ere erabaki nuen, eta ezer gehitzen ez zuten xehetasun morbosoak ez sartzea. Bere ibilbideko kolaboratzaile batzuek uko egin zioten parte hartzeari. Agian ez zituzten zenbait pelikula gogoratu nahi, edo agendagatik ezin zuten. Kontrastean, Pepe Sacristanek berriz ere bere eskuzabaltasuna erakutsi zuen, deitzen dioten guztientzat denbora aurkituz.
Ikerketan berari buruz argitaratutako liburu bakanetara jo genuen, bereziki ‘Conocer a Eloy’ y ‘Lejos de aquí’. Gainera, Carlos Aguilar eta Eduardo Fuembuena egileak elkarrizketatu ditugu.
Produkzioan, finantziazio falta etengabeko erronka izan zen: hainbat erakunde nazional eta autonomikok bizkarra eman ziguten. Oso justu iritsi ginen Donostia Zinemaldira ere: maiatzean, konbentzitzen ez gintuen lehen aurremuntaia bat genuen, eta lan gogorra egin genuen ia epearen mugan amaitzeko. Udan ere, azken prozesuekin jarraitu genuen, ilusio handia egiten baitzigun estreinaldia Donostian izateak.
Dokumental hau Donostia Zinemaldian aurkeztea, egile-zinemarekin eta begirada konprometituekin hain lotuta dagoen topaketan, zer esanahi du zuretzat eta zer harrera espero duzu publikoarengaindik?
Ilusio handia egiten digu Donostian aurkezteak; izan ere, Eloy, nerabe zela, Zarauztik joaten zen jaialdira, eta han jaio zen bere zinemarekiko maitasuna. Geroago, ‘El pico’ edo ‘Otra vuelta de tuerca’ bezalako izenburu garrantzitsuak aurkeztu zituen han. Eta, batez ere, 1996an, hari buruz argitaratutako atzera begirakoak eta liburuak haren indarberritze pertsonala eta zinematografikoa ekarri zuten. Eloyri asko gustatuko litzaioke bere biografia bertan estreinatzea.
Maila pertsonalean ere berezia da, Donostian lehiatzen den zuzendari gisa egin dudan lehen filma delako. Gainera, Alauda Ruiz de Azúa, Jose Mari Goenaga eta Aitor Arregi, Alberto Rodríguez, Agustín Díaz Yanes, Asier Altuna eta beste zinemagile hain talentudunekin topatuko naiz. Hrietako asko lagunak dira, Eta pribilegio galanta da haien ondoan egotea.
Publikoarengandik espero dut niri gertatu zitzaidana gertatuko zaiela: ez dut bilatzen Eloy de la Iglesia maitatzea, baizik eta ulertzea. Ikus dezatela nola erabiltzen zuen zinema zapalkuntzaren aurka matxinatzeko. Bere obra berraurkitu baino gehiago, pertsona aldarrikatzea interesatzen zait, bere argi-ilunekin.
Donostia Zinemaldian parte hartu ondoren, zer ibilbide izango du filmak?
Dagoeneko baieztatuta dago Sitgeseko Zinemaldian, Documenta atalean, eta Bilboko Zinebin izango dela. Estatuko beste jaialdi batzuen zain gaude, azaroaren amaieran estreinaldi komertziala egin aurretik. Ondoren, nazioarteko ibilbideari ekingo diogu.
Telebistan Movistarren zein RTVEn ikusi ahal izango da.