2026-05-09
FANT-BILBOKO ZINEMALDI FANTASTIKOAK PACO L. CAMPANOREN “CUÁNTICA RAVE” FILMA AURKEZTU DU, SAIL OFIZIALEAN LEHIATUKO DENA
Azkuna Zentroko Auditorioan ikusi ahal izango da gaur, maiatzak 9, larunbata, 22:20an.
Bilboko Udalak antolatzen duen FANT-Bilboko Zinemaldi Fantastikoak gaur goizean aurkeztu du Sail Ofizialean lehiatuko den “Cuántica Rave” filma. Zinemaldiko zuzendaria den Amaia Domingo, filmaren zuzendaria den Paco L. Campano eta protagonistetako bat, Antonio Dechent aktorea, komunikabideen aurrean agertu dira Azkuna Zentroko Bastida Aretoan.
Gaur gauean, 22:20tik aurrera, filma Azkuna Zentroa-Alhondiga Bilbaoko auditorioan proiektatuko da.
Paco L. Campano diziplina anitzeko zinemagilea da, ibilbide luzea du editore, gidoilari eta errealizadore gisa, eta “La Peste” (2019) bezalako seriearen eta “La furia de Mackenzie” (2005) bezalako filmaren proiektuetan nabarmendu da. Efektu berezien diseinuan, bideoklipen zuzendaritzan eta Puerto de Santa Mariako Monkey Week eta Sevillako Zinema Europarra bezalako jaialdietarako sorkuntza bisualean landu du talentua. Gonzalo Garcia Pelayoren zineman (“10+1” proiektuan) egin du lan, eta hainbat dokumental eta film laburretarako soinu-banden antzerki-egile eta konpositore saritua da.
Antonio Dechentek zinema, antzerki eta telebistako proiektuetan lan egin du. Haren filmografian 70 bat film aurkitzen dira, berrogeita hamar bat film labur eta genero desberdinetako beste hainbat telesail, horien artean, “El Lute”, “Solas”, “Intacto”, “7 vírgenes”, Smooking Room“, “Alatriste”, “Los Borgia”, “La voz dormida” “Esperpentos” edo “A puerta fría”. Jose Luis Garci, Vicente Aranda, Mario Camus edo Chus Gutierrez bezalako zuzendari hain ospetsuen agindupean egin du lan. “Intacto” lanarengatik, 2002ko Goya Sarietarako izendapena lortu zuen eta Andaluziako aktore onenaren ASECAN saria ere bai. “Smoking room” lanaren truke, berriz, Zilarrezko Biznaga lortu zuen Malagako Zinemaldian eta baita ASECAN saria ere. “A puerta fría” filmarengatik, Biznaga saria jaso zuen Malagan, saria Toulouseko Zinemaldian eta Sant Jordi saria.
“CUÁNTICA RAVE” 83 minutu. Espainia
2666. urtea: unibertsoa hil zorian dago. CB, ahots hilgarriko abeslaria, eta Lena, DJ aktibista, 'Cuántica Rave' mitikoaren bila dabiltza; hots, kosmosaren mugetan ospetsua den festaren bila. Hara iristeko, Plank komandante nartzisista konbentzituko dute, Discovery 2 ontziaren burua, moldatu gabeko pertsonen tripulazio batekin. Calabi Yau arraza salbatzeko misio gisa hasten dena errealitatearen mugetarako bidean odisea epiko garratz bihurtuko da, pentsatzen zutena baino egia kosmiko konplexuagoa erakutsiz. Zuzendaritza eta gidoia: Paco L. Campano. Ekoizpena: Vanessa Garcia Pelayo. Musika: Rey Fernandez, Sebastian Orellana, Pedro de Dios, Miriam Blanch. Muntaketa: Silvia Moreno. Aktoreak: Timy Benito, Africa de la Cruz, Antonio Dechent, Javier Botet (2024ko Ohorezko Fant-a), Numa Paredes eta Pablo Carbonell.
SARRERAK ETA ABONUA
Amaierako galarako eta palmaresaren proiekzioetarako sarrerak BBK Aretoan eros daitezke 5 euroren truke.
Azkuna Zentroko Auditorioan eta Golem Alhondiga zinemetako 1. aretoan programatutako proiekzioetarako sarrerak ere salgai egongo dira 5 euroren truke.
Sarrerak 4 euroren truke erosi ahal izango dira FAS Zine Klub eta Azkuna Zentroko txartelak izanez gero edo El Correo edo Campos Eliseos Klubeko harpideduna bazara.
Golem Alhondiga zinemetako 2. aretorako sarrera doakoa izango da plaza-kopurua bete arte.

