2026-08-31
“Ander eta Yul’ filmak une hartan Euskadin, eta beste leku batzuetan ere, bizirik zeuden gatazkak islatzen ditu”
Ana Díez ‘Ander eta Yul’ opera primarekin itzuliko da Donostia Zinemaldira, estreinatu eta ia lau hamarkadara zaharberritutako filmarekin, eta Euskadiko Filmategiaren Saria jasoko du bere ibilbideagatik.
Zerk bultzatu zintuen Ander eta Yul pertsonaien istorioa kontatzera? Zer esploratu nahi zenuen hain errealitate ezberdinak bizi dituzten bi pertsonaiaren arteko adiskidetasunaren bidez?
1986an, film bat zuzentzeko eta idazteko nire asmoak oso urrun zeuden. Angel Amigo produktorearekin lan egin nuen bere ekoizpenetako talde teknikoetan, eta film bat zuzentzea proposatu zidan.
Aprobetxatu beharreko proposamena izan zen. Uste dut komentatu niola historian ETAko militantzia eta heroina jorratu nahi nituela, une horietan nire belaunaldiko jendea suntsitzen zuten bi errealitate bezala. XX. mendeko azken bi hamarkadetan, gazte asko gaindosiaren ondorioz hil ziren, eta beste batzuek, Euskadin, gizartearen eraldaketan sinesten zuten, epaiketarik gabeko heriotza-zigorrak ezarriz. Esaldi honek izan dezakeen zentzu polisemiko guztiarekin.
Anderrek eta Yulek jatorri oso antzekoa dute, mintegi batean gela, irakaskuntza eta jangela partekatu dituzten nerabeak dira. Biek bilakaera ezberdina izan dute, baina biak dira beste batzuen heriotza eragiteko gai. Yul oso errotuta sentitzen da bere lurraldean eta Anderrek ez du bere lekua aurkitzen munduan. Pertsonaien eraikuntza dramatikoa ehunduz doa pixkanaka. Baliteke azkenean militante onaren eta, nolabait, abenturazalearen arteko harremana izatea.
Zure opera primak Zuzendaritza Berri Onenaren Goya saria jaso zuen, eta orain Donostia Zinemaldira itzuliko da, zaharberrituta, Klasikoak sailaren barruan. Zer suposatzen du zuretzat 1988an estreinatutako film batek ikusle berriak aurkitzen jarraitzeak ia berrogei urte geroago?
Pelikulak, sugeak bezala, beti narras egiten dute, batzuk tente jartzeko ahaleginean. Askotan galdetu izan diot neure buruari zer egingo ote duten satorrek azalera ateratzen ez direnean, baina badakit berriro agertzen direnean mendixka itxurako arrastoak uzten dituztela, bizitza agerpenz beteta dagoela gogorarazten digutenak, batzuetan guretzat ulertezinak direnak. Ikusten ditugunean, geratzen zaigun gauza bakarra haien existentzia ospatzea da.
Bizirik irautea beti da asmo bat, batzuetan ilusio hutsa eta besteetan zirraragarria.
Ikusle bat obra bati, dela gaur egungoa, dela duela 40 edo 100 urtekoa, begira jartzeko prest dagoen bitartean, nolabaiteko berpizkunde ezkutua gertatzen da.
Pertsonalki gainbegiratu duzu zaharberritze-prozesua. Nolakoa izan da pelikula planoz plano berrikustea, eta zer aurkitu duzu 1988an agian ikusten ez zenuena?
Bolognako proiekzioaren hasiera tentsio handiko unea izan zen. Lehenengo biribilkia ikusten ari nintzela, 1988an filmaren proiekzioa lehen aldiz ikusi nuenean sentitu nuen sentsazio bera izan nuen: sentsazio kontraesankorren nahasketa bat, enkoadraketetan mugitzen ziren pertsonaiek beren existentzia propioa izango balute bezala eta haien bizitzetan berriro arakatzeko aukera izango banu bezala. Benetan ziren bezala erretratatu al nituen? Konposizioa hobetuko zuen alderdiren bat edo sekuentziaren bat falta al zen?
Zaharberritzean hainbat proiekzio ikusi eta hilabete batzuetara, uste dut pertsonaiak eraikitzeko eta eszenaratzeari lotutako erabaki dramatikoak izan zirela adierazi nahi nuena hobekien islatzen zutenak.
Filmak laurogeiko hamarkadaren amaierako Euskal Herriko errealitate oso zehatz bat erretratatzen du. Zure ustez, nola aldatu da ‘Ander eta Yul’ filmaren gaineko begirada ordutik? Zure ustez, egungo publikoak 1988an ez bezala interpretatuko du?
Ander eta Yul bere pertsonaien bidez une hartan Euskadin eta, nahi ala ez, beste leku batzuetan bizirik zeuden gatazkak islatzen dituen istorioa da. Bi protagonisten mintegi bereko heziketa komunak elkartu egiten ditu, baina ez diete errealitateari modu berean aurre egiten. Ander, trapitxeo txikitik ahal duen moduan bizirauten duena, espetxetik ateratzen da, ez bizitza berri bat aurkitzeko, bere deserrotzeaz jabetzeko baizik. Yul ETAko komando legal bateko kidea da eta, praktikan, ez da ausartzen jasotzen dituen aginduak zalantzan jartzera. Sara, mundu horietatik kanpo dagoen pertsonaia, egunen segida gauez marrazten dituen itzal ilun bihurtzen du.
Gizonezko protagonisten anaiarte kainitarraren istorioak aurrera jarraitzen du, amildegira erori arte; bitartean, Sarak mundu horretatik urruntzea erabakitzen du, bere pinturetarako beste argi baten bila. «Udan hemen», idazten du, itzultzen denean, itzultzen bada, dena aldatuko delakoan.
Joan den mendeko laurogeiko hamarkadaren amaieran gertatzen den istorioa da, eta garai hartan haren urratsen oihartzunak entzun genituen guztiok oraindik ere entzuten ditugu, gero eta urrunago.
Proiekzio honetaz gain, Euskadiko Filmategiaren Saria jasoko duzu zure ibilbideagatik. Zer esanahi du aitorpen hau jasotzeak ‘Ander eta Yul’ filmarentzat hain berezia den urte honetan?
Ohore bat iruditzen zait, eta oso pozgarria. Berrezagutze hitzak berak, egindako lanetara ikusle berriak erakartzeko aukera adierazten duela dirudi, eta lan horiek publiko posiblearentzako gutun ireki gisa planteatu ditudala. Hori gerta badaiteke, niri ez dagokit aukera hori ukatzea, gozatzea baizik.

