2026-09-02
“13 denboraldiren ostean, hemen jarraitzen dugu gure ikusleekiko gertutasunari esker”
Xabi Zabaletak, ‘Go!azen’ telesailaren gidoilarietako batek, seriea ikusleekin batera nola eboluzionatu den azaldu du, bere funtsa galdu gabe, eta euskal kulturarako sarrera-ate gisa duen zeregina aldarrikatu du.
Hainbeste urteren ondoren, nola egiten zaio aurre denboraldi berri bat abian jartzeko erronkari, ‘Go!azen’ lanaren funtsa galdu gabe, baina belaunaldi berrientzat gaur egungo telesaila izaten jarraitzea lortuz?
Gure haur eta gazteentzat garrantzitsuak izan daitezkeen gaiak aztertzen ditugu denboraldi berria idazten hasi aurretik. Zer gai landu nahi dugu? Zertan lagundu dezakegu? Iaz dislexia, aurten ikusmen murriztua… Bestetik, euskal musika aro oso oparo batean murgilduta egoteak ere asko laguntzen digu abesti berriak eta garai batekoak uztartzeko erronkan.
Zer berritasun aurki dezakegu hamahirugarren denboraldi honetan?
Basakabi musika eskola bihurtuko da aurten eta horrek dinamikak aldatuko ditu. Gainera, dekoratu berri batzuk ere gehitu ditugu eta Imanol izeneko irakasle batek bere agerpena egingo du.
Telesailak ezohiko zerbait lortu du: urte luzez mantentzea euskarazko publiko gaztearentzat erreferentzia gisa. Zein da, zure ustez, gakoa?
Uf! Argi jakingo banu… Gakoetako bat izan daiteke 2016tik argi izan dugula telesaila baina zerbait gehiago eskaini behar dugula. Guk ez daukagu aurrekontu handirik, baina badugu oso garrantzitsua den zerbait: gertutasuna. Gure ikusleek aktoreak zuzenean ikustea garrantzitsua dela uste dugu, “benetakoak” direla erakustea. Horregatik ematen diogu berebiziko garrantzia aurrestreinaldiei, kontzertuei, aldizkariari… Eta gero, jakina, telesailak ondo egina egon behar du, komedia, musika eta abentura puntuak uztartuz.
Telesaila ere eboluzionatuz joan da ikusleak aldatu ahala. Nola aldatu da istorioak garatzeko eta kontatzeko duzuen modua lehen denboraldietatik orain arte?
Aktoreek duten maila ere handituz joan da. Euskal gazteak gero eta prestatuagoak daude, eta horrek tramak garatzeko aukera eman digu. Hasieran gogoratzen dut denek esaten zigutela gure proiektua bidera ezina izango zela, ez genuela antzeztu, abestu eta dantzatzeko gai izango zen gazterik topatuko, eta horrek tramak mugatzen zituen. Zer gauza landu, nola egin… Baina orain, urtero ikusten dugu jende prestatuagoa iristen dela castingetara. Horrek beste trama batzuk garatzeko aukera ematen digu, beste musikal batzuk aurkezteko ere bai… Eta jakina, gauzak ezberdin kontatzen dira orokorrean, ikusleek plataforma ugari dituzte aukeratzeko, eta guk ere, gauza horietara moldatu beharra daukagu.
Zure ustez, zer rol betetzen du ‘Go!azen’ telesailak euskal ikus-entzunezkoen barruan eta, bereziki, euskarazko gazteentzako edukien sorkuntzan?
Beti esaten dut gu ate bat garela. Euskarazko ikus-entzutekoetara sarrera, musikara… Gu ez gara helburua nolabait, sarrera bat bagara, pozik! Gure zaletu askok euskal musika egiten duten taldeak ezagutu dituzte gure telesailean moldaketak entzun dituztelako, eta hori oso pozgarria da guretzat, euskal musika oso gustuko dugu eta!
Beste urte batez Donostiara itzuliko zarete, zer suposatzen du zuentzat urtero jaialdiaren egutegian egoteak?
Izugarria da! Hamargarren denboraldian proposatu genuen, zerbait berezia egite aldera. Hasiera batean pentsatu genuen urte hartako gauza izango zela soilik… Eta begira! Egia da ere, pelikula egin genuenean, hori baino ez genuela pentsatu, filma bat izango zela… Eta hemen jarraitzen dugu!
Donostia Zinemaldian kapitulu bat aurkezteak esan nahi du, halaber, batez ere gazteei zuzendutako sail bat lurraldeko zinema-erakusleiho handienetako batera eramatea. Zer balio du zuentzat telesailaren eta jaialdiaren arteko topaketa horrek?
Zoragarria da. Lehen aipatu moduan, ate bat edo leiho bat garenez, pentsatu nahi dugu Belodromora datozen asko eta asko, urte batzuk barru, beste euskal ekoizpenak ikustera joango direla Zinemaldira euskaraz lanak ikusteko ohitura gurekin hartu ondoren.
13 denboraldi eta gero, ba al da oraindik telesailak bere publikoarekin eraiki duen harremanaz harritzen zaituen ezer?
Ez dakit harritu, baina asko hunkitzen gaitu arazoetan dauden familiak gurekin kontaktatzen dutenean eta gure aktoreen keinu txiki batek lortzen duenarekin. Izan bideo bat, bisita bat… Istorio hunkigarri asko kontatzen dizkigute, ‘Go!azen’ zein garrantzitsua izan den beraientzat azalduz, eta benetan ederra da horrelako gauzak ezagutzea.

