2026-09-14
"Identitatea beti dago arriskuan, baina, hala ere, beti aurkitzen du aurrera egiteko modua"
Aitor Aranguren eta Erik Suso dira ‘300 haritz’ dokumentalaren zuzendaria eta ekoizlea, hurrenez hurren, eta beren lanean euskal gastronomiaren, artearen eta identitatearen arteko loturaz hitz egiten dute. Mahaia Kolektiboaren historian oinarrituta, filmak gai horren inguruko hausnarketa proposatzen du, gastronomiaren eta beste diziplina artistiko batzuen arteko elkarrizketaren bidez. Zinemira atalean aurkeztuko dute euren lehen film luzea Donostia Zinemaldian, Irizar Saria lortzeko lehian.
Aurkez iezaguzue ‘300 haritz’ filma. Nola sortu zen istorio hau kontatzeko ideia?
Erik Suso (E.S.): Mantala Basque Gastronomy gurekin harremanetan jarri zen dokumental hau sortzeko. Mahaia Kolektiboari buruzko ikus-entzunezko pieza bat egitea zuten buruan, Gipuzkoako sukaldaritzan erreferente handienetakoak direlako. Guk ere uste genuen kolektibo honek bere historia kontatzeko aukera merezi zuela.
Hasieratik argi al zenuten gastronomiaren eta artearen bidez jorratu nahi zenituztela jatorria edo identitatea bezalako gaiak, ala prozesuak berak eraman zintuzten bide horretara?
Aitor Aranguren (A.A.): Euskal sukaldaritzak eta sukaldariek garrantzi handia izan dute gure kulturan eta gure identitatean, beste adierazpen artistiko batzuek izan duten bezala: musikak, eskulturak eta abarrek.
Horregatik, dokumentalean landuko genituen gaiak eta kontakizunak hartzen ari zen norabidea ikusita, iruditu zitzaigun beste arte-adierazpen horietatik ere pasatzea zela biderik egokiena.
Ikuspegi horretara begiak ireki zizkigun Arantzazun filmatzeak. Guretzat kokaleku ezin hobea da, arte-adierazpen ezberdin horiek guztiak elkartzen dituelako, eta gure identitatean eta kulturan mugarri bat izan delako.
Zeri egiten diote erreferentzia izenburuko 300 haritzek?
Aitor Aranguren: Garai batean, baserri bat eraikitzeko 300 haritz inguru behar ziren. Denbora batez hori jasangarria izan zen, baina iritsi zen une bat non baso-soiltzeak inflexio-puntu bat ekarri zuen. Une horretan, egurrak harriari utzi zion lekua.
Guri metafora oso egokia iruditzen zitzaigun, identitateari buruz hitz egiteko irudi oso polita delako. Identitatea beti dago arriskuan, eta askotan gu geu gara arriskuan jartzen dugunak; baina, hala ere, beti aurkitzen du aurrera egiteko modua.
Filmean, sukaldariak artistekin elkartzen dira esperientzia murgiltzaile batean. Zer interesatzen zitzaizuen topaketa horren bidez eragitea edo sortzea?
Aitor Aranguren: Arteak gure identitatea eraikitzen du. Horregatik, ezinbestekoa iruditzen zitzaigun beste diziplina batzuetako jendearekin ere kontatzea, identitateari buruz duten ikuspegia ekar zezaten.
Azken finean, aniztasunean dago aberastasuna.
Normalean hain hizkuntza desberdinekin lan egiten duten bi diziplina —sukaldaritza eta artea— ideia beraren inguruan elkarrizketan jartzen direnean, zer gertatzen da?
Aitor Aranguren: Dokumentalean ikusten den bezala, azken finean, sukaldaritza ere sorkuntza artistikoaren parte da. Sukaldariak abeslariekin edo zuzendariekin elkartzean, ikusi dugu euren artean sorkuntza-prozesuak eta bakoitzaren ikuspegia partekatzeko aukera sortu dela.
Azken batean, denek iturri beretik edaten dute: sormenetik eta sortzen duten horrek jasotzen duen pertsonarengan zerbait eragiteko beharretik.
Zein izan da gogoeta hain abstraktu bat —identitatea, pertenentzia, jatorria— film bihurtzeko zailtasunik handiena?
Aitor Aranguren: Azken finean, dokumental honetan identitatea bezalako kontzeptu abstraktu bati buruz ari gara, eta askotan zaila da horrelako ideiak lurrera ekartzea eta modu konkretu batean azaltzea.
Kontuan hartu behar da gastronomiaren munduan eragin handiena duten 23 sukaldarirekin lan egin dugula. Bakoitzak bere pentsatzeko modua dauka, eta galdera hauei aurre egiteko modu ezberdina.
Baina prozesu honetako gauzarik politenetako bat izan da ikustea nola heldu dioten guztiari kolektibo gisa, helburu bera partekatuz: euskal identitatea gastronomiaren bidez zaintzea eta mantentzea.
Bakoitzak bere aletxoa jarri du gai hauek mahai gainean jartzeko, elkarrekin hausnartzeko eta gizarteari zer ekarpen egin diezaiokegun ikusteko.
Ekoizpenari dagokionez, oztoporik aurkitu al duzue bidean? Nolakoa izan da, adibidez, hainbeste artista eta sukaldariren agendak koordinatzeko lana?
Erik Suso: Bai, zaila izan da jende guzti hau koordinatzea. Hau guztia ezinezkoa izango zen Basque Culinary Centerren eta Mantalaren laguntzarik gabe. Haiei esker, dena ondo koordinatzea eta hasieran planteatu genuen bezala aurrera eramatea lortu dugu.
Bestalde, Arantzazuri ere eskerrak eman nahi dizkiogu proiektu honetan buru-belarri laguntzeagatik eta kriptan filmatzeko aukera hain erraz jartzeagatik.
Zure lehen film luzea da, eta Donostia Zinemaldian estreinatuko duzu. Gainera, euskal zinemaren Irizar Saria eskuratzeko lehian izango da, Zinemira atalean. Zer suposatzen du zuretzat lana Donostian aurkezteak?
Aitor Aranguren: Niretzat oso garrantzitsua da gure lehen lana etxean aurkeztea, gure jendearen eta gure familien aurrean.
Zinemaldia txikitatik bizi izan dudan zerbait da, eta niretzat amets bat da oraingoan barrutik bizi ahal izatea. Eta espero dugu Zinemaldia etorkizunera begira ere erakusleiho garrantzitsu bat izatea guretzat.
Ba al dakizue zein ibilbide izango duen filmak jaialdian parte hartu ondoren? Zinema-aretoetan ikusi ahal izango da?
Erik Suso (E.S.): Dokumental honek estatuko zein nazioarteko jaialdietan ibilbide polita izatea gustatuko litzaiguke. Ilusio handia egiten digun zerbait da, eta uste dugu film honek beste jaialdi batzuetan ere ekarpen interesgarria egin dezakeela.
Gure ikuspegia eta gure kultura beste herrialde batzuetara eramatea oso polita izan daitekeela iruditzen zaigu.
Jaialdietako ibilbidea amaitu ondoren, asko gustatuko litzaiguke dokumentalak online plataforma batean ere bere lekua izatea.
Gaur egun, proiektu berriren batean ari al zarete lanean? Aurreratu al diezagukezue zerbait?
Erik Suso (E.S.): Muga ekoiztetxearen sortzaile gisa, etengabeko mugimenduan gaude. Ezin gara geldirik egon, eta proiektu hau etengabe elikatzeko beharra daukagu.
Gaur egun proiektu askorekin gabiltza, eta abendura arte agenda ia beteta daukagu. Baina, batez ere, nabarmendu nahiko genuke guztiz originala den gure lehen filma idazten amaitzen ari garela.
Hasieratik gure helburuetako bat fikzioan zentratzea izan da, eta pixkanaka hori lortzen ari garela sentitzen dugu.
Espero dugu proiektu honek gauza onak eta aukera berriak ekartzea, eta idatzita dauzkagun zein oraindik idazteko ditugun istorio guztiak aurrera eramateko ateak irekitzea.

