2026-05-04
FANT-BILBOKO FANTASTIKOAK CRISTIAN BERNARDEN “BAJO TUS PIES” FILMA AURRESTREINATUKO DU
FANT Bilbaoren 32. edizioa maiatzaren 8tik 16ra egingo da.
Hitzordua PreFANT zikloan kokatzen da, eta filma, gaur, astelehena, maiatzak 4, 20:15ean emango da Golem-Alhondiga zinemetan.
Sarrera doakoa izango da plaza-kopurua bete arte, eta gonbidapenak gaur arratsaldeko 16:30etik aurrera jaso ahal izango dira zinema aretoetako txarteldegian.
Bilboko Udalak antolatutako FANT-Bilboko Zinemaldi Fantastikoak gaur, maiatzak 4, astelehena, aurrestreinatuko du Cristian Bernard zuzendariaren “Bajo tus pies” film luzea. Hitzordua PreFANT zikloaren barruan kokatzen da, Zinemaldian zehar ikus ahal izango den guztiaren aurrerapenean. Ofizialki ostiral honetan, maiatzak 8, inauguratuko da, eta maiatzaren 16ra, larunbatera, bitarte luzatuko da.
Zinemagile argentinarraren filma gaur goizean aurkeztu dute prentsaurreko batean, eta bertan parte hartu dute Amaia Domingo Zinemaldiko zuzendariak, Cristian Bernard film luzearen zuzendariak, Carlos Juarez ekoizleak eta Urko Olazabal, Sofia Otero eta Ibai Atanes aktoreek. Era berean, Iñaki Lopez de Agiletak, Bilboko Udaleko Kulturako zuzendaria egon da.
Amaia Domingok, bere hitzaldian, eskerrak eman dizkio Cristian Bernardi aurrestreinaldia egiteko Bilbo eta Zinemaldia aukeratzeagatik. Halaber, gogoratu du “trama hirian garatzen dela eta ibilbide luzeko euskal aktoreek parte hartzen dutela, talentu gazteekin batera. “Hemen bildu gaituena bezalako filmei esker, mundu guztiak ikus dezake gure hiria pantaila handian; gainera, azken urteetan filmazio ugari egin dira bertan”. Argentinako zuzendariaren film honetan Maribel Verdú madrildarrak eta Sandra Ferrus valentziarrak ere parte hartzen dute protagonista gisa.
CRISTIAN BERNARDEN “BAJO TUS PIES” FILMAREN PROIEKZIOA
“Bajo tus pies” Cristian Bernard argentinarrak orain arte zuzendutako azken filma da. Gaur, maiatzak 4, astelehena, 20:15ean ikus ahal izango da Golem-Alhondiga zinemetan, eta bertan izango da taldearen zati bat, besteak beste, zuzendaria bera, ekoizle taldea eta hainbat aktore protagonista.
Sarrera doakoa izango da, plaza-kopurua bete arte. Hala ere, gonbidapena hartu beharko da zinemako txarteldegian, gaur arratsaldeko 16:30etik aurrera. Aurrestreinaldira FANTekin lotutako merchandising-arekin (kamisetak, poltsak, programa…) joaten direnek lehentasuna izango dute gonbidapenak jasotzeko orduan.
“BAJO TUS PIES”
Sinopsia: Isabel Bilboko eraikin ospetsu batera joango da bizitzera bere bi semeekin. Han bizitzen jarri ondoren, beheko pisuko hiru emakume adintsuek gauetan ateratzen dituzten oihuak familia-bizitzan sartuko dira bat-batean, eta itxuraz lasaia den giroa aztoragarri bihurtuko da.
Filma ofizialki estreinatuko da zinemetan maiatzaren 8an, ostirala.
Espainia, 2025
Iraupena: 95'
Zuzendaritza: Cristian Bernard Aktoreak: Maribel Verdú, Sofía Otero, Ibai Atanes, Urko Olazabal, Sandra Ferrus, Zorion Eguileor
CRISTIAN BERNARD
(1968, Buenos Aires, Argentina). Zuzendaria eta gidoigilea da. 1989an fikziozko lehen film laburra, “La Ceguera” zuzendu zuen, eta, ondoren, “Skinhitler” (1998) etorri zen, saria jaso zuena. “76 89 03” film luzea zuzendu zuen Flavio Nardinirekin batera (2000), eta horrekin egin zituen, baita ere, “La Mona es dios” film laburra eta “Regresados” (2008) filma. Halaber, besteak beste, “Germán, últimas viñetas” (2013) telesaila eta “Ecos de un crimen” (2022) zuzendu ditu.

