2025-09-15
“Mobilizazio haien indar soziala belaunaldi berriei helaraztea izan da proiektuaren eragileetako bat”

Sandra Hermida eta Belén Atienza ekoizleak ‘Un fantasma en la batalla’ aurkeztuko dute Donostiako Zinemaldian, sail ofizialean lehiaketaz kanpo parte hartzen duen thriller historiko-politikoa. ETAren aurkako ezkutuko operazio handienean inspiratuta, Amaia guardia zibil gaztearen istorioa kontatzen du filmak. Hamar urte baino gehiago eman zituen bandan infiltratuta, Frantziako hegoaldean ezkutatutako zuloak aurkitzeko asmoz.
Nola sortu zen ETAren aurkako ezkutuko operazio garrantzitsuenetako batean inspiratutako istorioa pantailara eramateko ideia?
Sandra Hermida: Belen Atienzak eta Tanok harreman estua dute aspalditik, eta denbora asko zeramaten elkarrekin berriro lan egiteko proiektu baten bila. Kosta-Gavras, Melville edo Bellocchio bezalako zinemagileen arrastoari jarraituz, Europako thriller historiko-politikoaren tradizio onenean film bat egiteko desiratik sortu zen ‘Un fantasma en la batalla’.
90eko eta 2000ko hamarkadetan kokatzen da filma, gatazka betean. Zer garrantzi du zuentzat aro hori belaunaldi berriei erakustea, gertutik bizi izan ez zutenei?
Belén Atienza: Espioien thriller bat kontatzeko borondatetik harago, gure historiako garai bat erretratatzeko asmoa zegoen, kaleetan indarkeriaren aurka egindako gizarte-mobilizazioak markatuta. Urte haiek giltzarri izan ziren gure historia hurbilean, eta sentitzen genuen, iragan hurbila izanik ere, oso ezezaguna zela belaunaldi berrientzat. Mobilizazio horien indar soziala helaraztea izan da proiektuaren eragileetako bat.
‘Un fantasma en la batalla’ filmak lehiaketaz kanpo parte hartuko du Zinemaldian. Zer esan nahi du zuentzat filma jaialdi honetan aurkezteak eta zer espero duzue publikoaren aldetik?
Belén Atienza: Zinemaldi honetan zinegile eta ekoizle gisa hazi gara, eta gure etxetzat hartzen dugu. Oso pozik gaude publikoaren aurrean lehen aldiz jaialdi honetan proiektatuko dugulako, eta ia 2.000 lagunen aurrean Kursaalean lana erakustearen esperientzia bizitzeko irrikan gauden; luxua da. Guretzat oso hunkigarria da Euskadiko publikoa film hau ikusten lehena izatea.
Zer erronka tekniko edo narratibo aurkitu zenituzten hain testuinguru konplexua birsortzean, bai politikan, bai giza arloan?
Belén Atienza: Garaiari erreparatuta, nahiko berria den filma da, eta hori, hasiera batean, erronka handia da birsortze mailan. Gainera, kontua ez zen soilik une historiko jakin bat birsortzea, baizik eta narrazioak hamabi urteko aldia hartzen du, 1992tik 2004ra bitartekoa, eta, beraz, ezinbestekoa zen, garaiaz gain, ikusleak denboraren igarotzea sentitzea, bai pertsonaietan, bai istorioan.
Sandra Hermida: Erronka horrek eragin zuzena zuen arte, jantzi, makillaje eta ile-apainketa sailetan. Kasu honetan, batez ere Euskadiko profesionalez osatutako talde handi bat funtsezkoa izan zen kalitate goreneko emaitza lortzeko. Zehazki, arte mailan, planteamendua kokaleku naturaletan filmatzea zen, errealismoa eta benetako gertaerekiko egiantzekotasuna bilatuz. Eszenatoki bakoitzean, bai kanpoan, bai barruan, esku-hartze maila oso altua zen. Faktore horiek guztiek, errodajearen inguruabar handinahiekin batera —70 lokalizazio, Gipuzkoa eta Frantziako hegoaldearen arteko errodajea, road movie kodea, eskakizun tekniko maila handia, bi unitate paralelo eta talde tekniko eta artistiko ikaragarri bat—, koordinazio-ariketa izugarria eta produkzioaren plangintza oso zorrotza ekarri zituzten.
Azkenik, zer ibilbide izango du filmak jaialdiaren ondoren?
Sandra Hermida: Netflixen eskutik, ‘Un fantasma en la batalla’ filmak ‘La sociedad de la nieve’ lanaren arrastoari jarraituko dio estreinaldi eta erakustaldi urratsei dagokienez. Lehenengo, Espainia osoko zinema-aretoetan estreinatuko da, urriaren 3an, eta, ondoren, urriaren 17an iritsiko da plataformara. Horrek mundu osoko milioika etxetarako sarbidea bermatzen du.