2025-09-10
“Donostia Zinemaldia bezalako jaialdi batean hautatua izatea, zalantzarik gabe, benetako luxua da”

Grabazio, kasualitate eta intuizio askoren artean, Jon Arreguik Tetsuro Maeda Euskadiren bihotzean erroak bota dituen sukaldari japoniarraren erretratua egin zuen. ‘Tetsu, Txispa, Hoshi’ ez da dokumental gastronomiko hutsa: topaketa gertagaitzen, bizi-erabakien eta su motelean prestatutako kultura-fusioen historia da. Zinemaldiko Culinary Zinema sailean hautatua, filmak erakusten du nola japoniar sentsibilitatearen eta euskal izaeraren arteko gurutzaketak Txispa bezalako gauza berezi bat sor dezakeen. Bere zuzendariarekin hitz egin dugu prozesuari buruz, erronkei buruz eta kamera itzaltzen denean geratzen denari buruz.
Zerk inspiratu zintuen Tetsuro Maeda eta Txispa jatetxearen istorioa kontatzera?
Kasualitate bat gehiago izan zen, Tetsuro Maedaren bizitzan beste asko bezala. Digytal Audiovisuales taldean urte asko daramatzagu Euskal Telebistarako telebista saioak egiten, eta azkenaldian ia guztiak gastronomiarekin lotuta daude. ‘Baserri Gourmet’ programaren grabaketa batean, Atxondo ingurua bisitatu genuen, Tetsuk Txispa muntatu duen lekua. Grabatzen ari ginela, emakume bat Andoni Etxeandiarengana (Digytalen ekoizlea) hurbildu zen, eta galdetu zion ea grabatzen ari ginen "Mendigoikoan obrak egiten ari den japoniarra". Hori entzutean, Andonik ikertu, "japoniarra" zegoen lekura hurbildu eta ezagutu egin zuen. Bere istorioa oso interesgarria iruditu zitzaigun eta hor erabaki genuen hura kontatzea.
Nola eraman zenuen zinema-hizkuntzara Txispa definitzen duen kultura japoniarraren eta euskaldunaren arteko uztarketa?
Egia esan, horrelako proiektu bat hasten dudanean nik ez dut gauza askorik planteatzen. Lehenik pertsona ezagutzen duzu, behatzen duzu, bere historia ezagutzen duzu, lanean ikusten duzu, bere ingurua ikusten duzu... Ezagutza-aldi horrek gauza txikiak markatzen dizkizu, eta, azkenean, estilo bat edo zerbait markatuko dute, nik uste.
Tetsuren istorioak niri plano luzeak iradokitzen dizkit, lasaitasuna, errealitatea eta erritmoa... mantsoa, baina erritmoa.
Tetsuk berehala kutsatu gintuen bere ekialdeko aireaz eta guk, euskaldunak izanik, berehala ulertu genuen “euskal ukitua”.
Zer erronka aurkitu zenituen lan hau filmatzean?
Dokumental hau ekoiztetxearen programen grabaketen artean zeuden "tarte libreetan" egin da. Grabatzen hasi ginenetik urte batzuk igaro dira eta denbora horretan gauzek buelta asko ematen dituzte. Buelta gehien eman zitzaion gauzetako bat historia identifikatzea edo erabakitzea izan zen. Aukera asko zeuden eta behin "Zer" erabaki genuenean "Nola" egin jakin genuen.
Gastronomiaz harago, zer alderdi nabarmendu nahi izan zenituen dokumentalean?
Dokumental honetan gastronomia dago, baina, nire ustez, bizitzan gauzak gertatzen ari zaizkion pertsona baten istorioa kontatzen ari gara. Gertatzen zaizkion gauza horiek erabakiak hartzera bultzatzen dute, eta erabaki horien ondorioz, inoiz izango zela pentsatu ez zuen zerbait izatera iristen da.
‘Tetsu, Txispa, Hoshi’ Zinemaldiko Culinary Zinema sailean hautatu dute. Zer esan nahi du zuretzat dokumentala testuinguru berezi honetan aurkezteak?
2013an ‘Euskadi, cocina en la cumbre’ dokumentalarekin parte hartu genuen, eta une hartan uste dut ez nintzela ohartu zer esan nahi zuen halako jaialdi batean egoteak. Orain askoz ere kontzienteagoa naiz zein zaila den istorio bat aurkitzea, kontatzea, amaitzea eta, gainera, zinemaldira iristen diren ehunka proposamenen artean hautatua izatea.
Gaur egun, ikus-entzunezko eduki ugari dagoenez, Donostia Zinemaldia bezalako leku berezi batean hautatua izatea, zalantzarik gabe, benetako luxua da.
Zure ustez, zer arrasto edo gogoeta utz dezake zure filmak publikoarengan?
Espero dut dokumentalak, Tetsuren historia entretenitzeaz eta ezagutarazteaz gain, jatetxe baten ideiaren atzean dagoen filosofia eta pentsatzeko modua ezagutzeko aukera ematea. Txispan ez da ezer gertatzen kasualitatez: denak du zentzu bat.
Eta Tetsuk dioen bezala, pertsona bat inguru berri batera iristen denean, ohitura eta kultura desberdinekin, zerbait berezia sortzen hasten da, denborarekin errealitate horretan integratu eta horren parte izatera irits daitekeena.