2025-08-30
“Oraingoz izen gabe’ ez da zaharkituta geratu, gaur egun egina dirudi”

Estreinatu eta ia berrogei urtera, ‘Oraingoz izen gabe’ Donostia Zinemaldira itzuliko da, Euskadiko Filmategiak zaharberritutako kopia batean. Jose Julian Bakedano zuzendariak 1987an euskaraz filmatutako pelikula aitzindari honen jatorria errepasatu du gurekin.
‘Oraingoz izen gabe’ ezagutzen ez dutenentzat, nola aurkeztuko zenieke?
Borgesen ‘La intrusa’ ipuin laburra irakurri ondoren sortu zen ideia. Bernardo Atxagari proposatu nion lan horretan inspiratutako gidoia idaztea. Azkenik, idatzi zuenak ez zuen zerikusi handirik jatorrizko ipuinarekin, beraz, ezin da esan Borgesen ipuinean oinarrituta dagoenik, baina hortik jaio zen.
Gerora, lagun-talde bat bildu nuen, horietako asko profesionalak ez zirenak. Nire asmoa euskara bizia erabiltzen zuen film bat egitea zen, eta, beraz, antzezleek, durangaldekoak zirenez, bizkaieraz hitz egiten zuten, baina oso adierazpide kultuarekin. Aktore profesional bakarra Luis Iriondo izan zen, epaile lanak egiten zituena.
Pelikula 10 egunetan filmatu genuen, eta errekorra izan zen 50 minutu irauten duelako. Hiru astetan grabatu behar zen, baina ez genuen gehiagorako dirurik, eta, beraz, entsegu asko egin genituen aurretik, hiru astez gutxi gorabehera. Zuzeneko soinuarekin filmatzen zenez — hori funtsezkoa zen niretzat istorio honetan —, hartualdiek lehenengoan balio behar zuten. Argazki-zuzendaria Gabriel Beristain izan zen, garai hartan Londresen bizi zena, eta berarekin etorri zen John Mathieson laguntzailea, gerora Hollywoodeko handienetako bat izatera iritsiko zena. Oso pozik nago lan harekin, publikoari asko gustatu zitzaion emaitza lortu genuelako.
Zer harrera izan zuen bere garaian?
1987an estreinatu zen Donostia Zinemaldian, eta, ondoren, Eusko Jaurlaritzak eta Euskadiko Kutxak antolatutako zirkuitu bati esker, herri euskaldun askotan proiektatu zen. Jendea hunkitu egiten zen bizkaiera zaindu hori entzutean. Gipuzkoarrentzat zailagoa zen filma jarraitzea, baina publikoak gogotsu hartu zuen.
Garai hartan, euskarazko zinema egitea erronka zen, ezta?
Dudarik gabe. Ia 40 urte igaro dira eta orduan ia ez zen euskarazko zinemarik egiten.
Filmaketan zehar zailtasun berezirik izan zenuten?
Dena oso ondo joan zen, taldea entregatuta zegoelako. Gogoratzen dudan gauza bakarra da gau batean euria egin behar zuela eta ez zuela egiten, beraz suhiltzaileei deitu behar izan genien simulatzeko.
Nola sortu zen pelikularen zaharberritzea?
Euskadiko Filmategiaren ekimena izan zen, Joxean Fernandez buru zela. Nazioarteko deialdi bat egin zen eta Boloniako enpresa batek irabazi zuen. Ez nuen prozesuan parte hartu behar izan, irudiaren eta soinuaren jatorrizko negatiboak oso ondo kontserbatuta zeudelako Espainiako Filmotekan. Zaharberritzaile italiarrek lan handia egin zuten digitalizatzen eta nik etalonajea gainbegiratu nuen, gaueko eszenek beren atmosfera gal ez zezaten bereziki zainduz.
Zer sentitu zenuen hainbeste urte geroago lana zaharberrituta ikustean?
Harritu egin nau zein ondo dagoen, akatsik gabe. Estreinatu genuenean bezala dago.
Eta zer suposatzen du lan honekin Donostia Zinemaldira bueltatzeak?
Sekulako poza. Espero dut gero askoz leku gehiagotan erakutsi ahal izatea. Ibilbide nabarmena izan duen filma da: Euskal Telebistak hamaika aldiz eman du, adibidez, eta beti kritika onak jaso ditu.
Zer mezu bidaliko zenieke gazteenei ikus dezaten?
Beraientzako filma dela esango nieke. Protagonistak gazteak dira, istorioa bizia, dramatikoa eta entretenigarria da. Eta garrantzitsuena: ez da zaharkituta geratu, gaur egun egina dirudi.