2025-06-20
MENDI FILM BEKA 2026 Mendiko Kulturaren ikus-entzunezko sustapena

Mendi Film jaialdiak eta Bizkaiko Foru Aldundiak, Mendi Film Bekaren 6. edizioa iragarri dute. Mendiko Kulturaren ikus-entzunezko sustapena helburu duten proiektu zinematografikoak sortzera bideratua dago.
Mendiko kultura, ikuspegi askotatik ulertuta: kirola, kultura, gizartea edo jasangarritasunarekin, ekologiarekin eta klima-aldaketarekin lotutako proiektuak. Errealizadoreen gaztetasuna, Bizkaian filmatutako proiektuak, eta horien izaera lokal-globala, baloratuko dira. Hala ere, hirurak ez dira faktore baztertzaileak izango beka lortzeko garaian. Bizitokia Espainian duten 18 urtetik gorako zinegile orori zuzendutako deialdia da.
Bekak, hautatutako proiektua garatzeko 10.000 euroko diru-laguntza eta aholkularitza programa eskainiko ditu.
Hautaketa-prozesuak bi fase izango ditu. Lehenengoan, hurrengo fasera igaroko diren 4 proiektu finalistak hautatuko dira. Bigarren eta azken fasea BBK Mendi Film Bilbao- Bizkaia jaialdiaren 18. edizioan burutuko da, 2025eko abenduaren 5etik 14ra, aurrez aurre, eta ikus-entzunezkoen komunitateko nahiz mendi munduko kideez osatutako epaimahai batek erabakiko du Mendi Film Bekaren 6. saria jasoko duen proiektua zein den.
Urtebeteko lanketa tartearen ostean, 2026ko BBK Mendi Film Bilbao-Bizkaia zinemaldian estreinatuko da proiektua.
Proiektuak inskribatzeko deialdia 2025eko ekainaren 20tik irailaren 30era arte egongo da zabalik. Oinarriak eta izen-emateko formularioa www.mendifilmfestival.com-en daude.
Gaitegiak: mendiko kirolak (alpinismoa, eskalada, xenda-zaletasuna, eskia, mendiko bizikleta, trail-runninga, kayak, espeleologia, slack-line, parapentea, eta beste batzuk), abentura, esplorazioa, natura, beste jarduera kultural, artistiko, linguistiko, sozial edo ekonomiko batzuk, ekologia, jasangarritasuna eta/edo klima-aldaketa. Guztiak mendiaren eremuan garatuak.
Jarduera horien eragile aktiboak dira bekaren babesleak:
Bizkaiko Foru Aldundia
Lurraldearen izana eta izaera hartzen ditu bere gerizpean, haien zaintza eta ezagutza sustatuz.
Mendi Film Elkartea
BBK Mendi Film Bilbao-Bizkaia nazioarteko mendi zinemaldia eta Mendi Tour zirkuituaren bidez lau haizetara zabaltzen ditu Mendiko Kulturaren inguruko mezuak, eta zinema genero horren industriaren zaintzan diharduen International Alliance for Mountain Film elkarteko kide da.
Bekaren pelikulak
Beka jasotako lau pelikula estreinatu dira Mendi Filmen, eta bosgarrena lanketan da.
2025: SUSTRAIAK
Bekaren 5. deialdiko proiektu irabazlea lanketa prozesuan dago orain: “Sustraiak”. Luis Arrieta, Dani Burgui eta Jesus Iriarte nafarren proiektu berria da. “Mendiak 1976” pelikularekin sekulako arrakasta lortu zuten, 2021eko Mendi Filmen estreinatu eta saritua izan zen lana, Nafarroan 2022ko pelikula takileroenetakoa izan zen. “Sustraiak”, Hiba, Bachir eta Mananen istorioa da. Gazte hauek beren herrialdeetatik migratu zuten, nerabeak zirela, eta heldu baten laguntzarik gabe iritsi ziren Nafarroara. Eskalada eta mendia aurkitu dituzte bertan, euren arazoez ahaztu eta aske sentitzeko eremuak.
2024: PELIGRO. NO ASOMARSE.
“Highline Nervión” izenburuarekin aurkeztu zuten bere proiektua Dani Cascales zuzendariak eta Oreka Tolosa orekalari taldekoek. Highline lerro bat, 900 metro luze, Nerbioiko urjauzi gainean, ordura arte Euskal Herrian burututako luzeena. 2025eko Mendi Filmen estreinatu zen pelikula “Peligro. No Asomarse” tituluarekin.
2023: OINEZ
Leire Egaña zuzendari euskaldunak hartu zuen lekukoa Bekaren hirugarren deialdian “Oinez” lanarekin. Xendazaletasuna, eta bereziki, mendizaletasuna erritmo sosegatuan ulertzeko era baten aldarria da “Oinez”, 2023an estreinatu zen, eta Mendi Tour zirkuituan ikus liteke aurten. Urtarriletik azarora, Espainia osoko 50 bat herri edo hiritara iristen da Mendi Tourra.
2022: LOBOS
Marina Garcia Andreu zuzendari kataluniarrak jaso zuen laguntza Bekaren bigarren deialdian “Lobos” proiektuarekin. Pelikula 2022ko Mendi Filmen estreinatu zen. Asturiasen, landa giroko herrixketan otsoaren presentziak sortzen duen egonezina eta sineskeriak ditu ardatz.
2021: TXANGO
Tamara Lucarini zuzendari euskaldunaren “Txango” pelikula izan zen lehen fruitua, 2021eko Mendi Filmen estreinatu zena. Lau lagunen arteko kedada bat Bilbotik Pagasarrira txangoa osatzeko. Lau neska, hainbat jatorritakoak, mendirako ohiturarik izan gabe mendiaren aitzakian biltzen direnak.