2026-09-11
"Oteizaren maskara erakutsiko digun erretratu bat egitea falta zen, ez haren aurpegia"
14 zenbakiak markatzen du ‘Hamalau gau’: hamalau dira filmean igarotzen diren gauak eta Oteizaren hamalau apostoluak; eta hamalau dira, halaber, Donostia Zinemaldira lehen aldiz etorri zenetik igaro diren urteak. Oskar Alegria zuzendariarekin hitz egin dugu bere lan berriari eta Donostiara itzultzeari buruz; filma Zabaltegi-Tabakaleran izango da ikusgai.
‘Hamalau gau’ ezagutzen ez duenarentzat, nola aurkeztuko zenuke filma?
Hamalau gaueko bidaia Jorge Oteiza euskal artistaren ideietan barrena.
‘Hamalau gau’ ez da Jorge Oteizaren ohiko biografia bat. Zer interesatzen zitzaizun artistarengandik aztertzea eta zer begirada eskaini nahi zenuen haren inguruan?
Abantaila da dagoeneko biopic-a egina dagoela, eta oso ondo egina, eta haren erretratu artistikoa ere filmatu dela, eta ondo filmatua. Egin gabe zegoena Oteizaren maskara erakutsiko zigun erretratu bat zen, ez haren aurpegia. Horregatik, bera ez da filmean agertzen, ezta haren obra ere; 14 apostoluak baino ez, eta, batez ere, egurats zabala, nire ustez ezkutuko Oteiza bat hobekien erakusten duen maskara baita. Debekatuak izan zirenean eta errepidean botata geratu zirenean, bere apostoluek jasan behar izan zuten egurats gorri hura. Babesik ezak eta gogortasunaren aurrean egoteak egin zituen handiago.
Zer esan nahi du ‘Hamalau gau’ izenburuak eta zergatik aukeratu zenuen?
Izenburuak haren apostoluen kopuruari egiten dio erreferentzia. Pelikulan hamalau gau ateratzen dira, eta bakoitza aurrekoaren ondorengoa da eta hurrengoarekin lotzen da, friso bakar baten moduan. Eta hamalau dira, Oteizak berak bere apostoluei buruz esaten zuen bezala, “ez zirelako gehiago kabitzen”.
Filma Donostiako Zinemaldiko Zabaltegi-Tabakaleran estreinatuko da. Zer esanahi du zuretzat proiektu hau bertan aurkezteak?
Ia berezko lekua dela esango nuke. Oteiza, Arantzazu eta, zilegi badidazu lotura pixka bat zabaltzea: artista oriotarraren taupada berezko etxera itzultzen duen nafarraren istorioa, itzulerako bidaia baten moduan. Oteiza hori baita beti, itzulerako bidaia bat.
Ez da Donostiara etortzen zaren lehen aldia. Nola bizi duzu itzulera hau, eta zer du desberdina aurreko aldiekin alderatuta?
Ilusio handiarekin eta ospakizun-giroarekin. Dena zenbakietan dago. Duela 14 urte, hain zuzen ere, Zabaltegin bertan aurkeztu nuen zineman egin nuen lehen urratsa: ‘Emak Bakia baita’. Orduan, Man Ray izan zen bidaiako kopilotua. Orain, Oteiza da. Biek arrazoi beragatik utzi zuten zinema: eskultura baten itxura zuten filmak egin nahi zituzten, baina ezinezkoa zela ikusten zuten. Niretzat, erronka friso itxurako film bat egitea izan da, gauetako friso bat.
Zer espero duzu ikusleak aurkitzea ‘Hamalau gau’ filmean? Gustatuko litzaizuke zinema-aretotik sentsazio edo galdera jakin batekin ateratzea?
Uste dut ez dugula horretan pentsatu behar. Niretzat, Oteiza beti da misterio bat, beste ate itxi bat erakusteko irekitzen den ate bat. Film honekin haren misterioa handitzen badugu, ez da gutxi izango lortu duguna.
Donostian parte hartu ondoren, filmak zer ibilbide izatea espero duzu?
Oraingoz, bidaiari bihurtu da jada. Jaialdi pare batek Sail Ofizialerako hautatu dute. Labetik atera berritan, gainera. Nire jakin-mina da ea gure geografiatik kanpo ere izango duen oihartzunik, baina, esaterako, jaialdi horietako bat italiarra da. Italia beti da desio ona.
Jaialdien zirkuitutik kanpo, publiko orokorrarentzat ere egongo al da ikusgai?
Filma EITBk egindako enkargu eta proiektu batetik sortu da, baina erabateko askatasuna eman digute. Eta haiek erabakiko dute, jaialdietan zein kultura- eta arte-zentroetan egindako proiekzioen ondoren, nola eman eta nola txertatu beren ohiko kanaletan.
Etorkizunera begira, proiektu berriren batean ari zara lanean?
Agian, “desoteizatu”. Zentzu onean diot. Liburu bat egin nuen bere liburutegiko aleen bazterrean idatzitako oharrei buruz; ziklo bat eta bere zinemaren azterketa bat ere egin ditut, eta orain film luze hau. Egia da Oteiza agortezina dela, besarkaezina, Bernardo Atxagak dioen moduan, eta berarekin ematen den urrats bakoitzean harridura eta sorpresa sortzen direla, baina zinez sentitzen dut azken “bals” honekin berriro bakarka dantzatzeko unea iristen dela. Armiarmek eklipseetan egiten duten bezala (filmean aipatzen den zerbait da): gau arraro eta bitxi bat iristen da, eta, zergatik jakin gabe, beren armiarma-sarea desegiten dute.

