2026-08-28
Euskal zinemak leku nabarmena izango du berriz ere Donostia Zinemaldian
Irailak, urtero bezala, gure zinemarako hitzordu garrantzitsuenetako bat ekarriko digu. Hilaren 18tik 26ra, Donostia Zinemaldia topagune nagusietako bat izango da euskal ikus-entzunezko sektorearen sendotasuna eta bizi duen une bikaina erakusteko.
Sail Ofiziala
Hirurogeita hamalaugarren edizio honetan hiru euskal ekoizpen izango dira Sail Ofizialeko emanaldi berezien atalean. David Pérez Sañudo zuzendari bilbotarra ‘Sacamantecas’ (Amania Films, La Claquera PC eta Caviar) izeneko bere azken proiektuarekin egongo da berriro ere Donostiako topaketan. Proiektu horrek XIX. mendeko Araban izandako hilketa batzuk leporatzen zaizkion nekazari baten erruduntasuna frogatzeko emakume baten ikerketa erakusten du. Sail Ofizialean proiektatzeaz gain, filma EITBk eta RTVEk batera antolatutako galan ikusi ahal izango da.
Bestalde, Koldo Almandozek bi proiekturekin parte hartuko du, eta ‘Azken agurra’ (Txintxua Films, Garabi Films) erakutsiko du, ehorztetxe batean lan egiten duen gizon bati buruzko komedia beltza. Hainbat ezbeharren ondoren —maitasun berri batek, emazte ohi batek, alkoholak eta zorrek—, bere buruari zer atera ote daitekeen gaizki galdetuko dio. Daniel Monzón ere ez da faltako ‘Ruega por nosotras’ (Arcadia Motion Pictures, Noodles Production, Amalur Pictures) lanarekin. Istorioa 1974an girotuta dago, eta mojek zuzentzen duten erreformatorio batean bere familiak barneratutako neska gazte errebelde bati jarraitzen dio. Beste neska batzuen laguntasunean aurkituko du erregimen basati horretatik bizirik ateratzeko indarra.
New Directors sailean, ‘Esta soledad’ (Fuga de Cuerpos AIE, Balance Media Entertainment, Basajaun Filmak, La embajada) aurkeztuko da, Javier Ginerrek film luzeetako zuzendari gisa egindako debuta. Filmak bakardadea, prekarietatea, nekea eta berriro hasteko zailtasuna ditu ardatz.
Oraingoan, Zabaltegi-Tabakalera sailak, publikoari proposamen berritzaileak aurkezteko guneak, bi euskal ekoizpen izango ditu. Alde batetik, ‘Dust (La deriva)’ (Vitrine Films, Homegreen Films) aurkeztuko da, Tsai Ming-Liang zinemagile malaysiar ospetsuaren film berria. Filmak ‘El caminante’ bere saileko monje budistari jarraitzen dio, Donostiako eta Gipuzkoako paisaietan zehar egiten duen ibilbide kontenplatiboan. Sail berean, Oskar Alegríaren ‘Hamalau gau’ (Emak Bakia Films) ere proiektatuko da, Jorge Oteizaren unibertsoan barrena egindako gaueko bidaia. Arantzazuko basilika du agertoki nagusi, eta hamalau gau, hamalau misterio eta irudi eta soinu sorta bat biltzen ditu.
Perlak sailean ‘Sucederá esta noche’ (Bteam Prods, Irusoin, Sacher Film Rome, Fandango Produzione, PAN Cinema) izango da ikusgai. Atal honek urteko film luze nabarmenenak biltzen ditu: Espainian estreinatu gabeak eta kritikaren onespena jaso dutenak edota nazioarteko jaialdietan sarituak izan direnak. Nanni Morettiren film luze berriak bi pertsonaren istorioa kontatzen du: elkar ezagutu eta maitemindu egingo dira, baina zazpi urtez banandu ondoren, berriro aurkituko dute elkar.
Zinemira
Aurten ere, jaialdiak espazio propioa eskainiko dio bertako talentuari, Zinemirarekin. Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailarekin batera antolatutako saila da, Irizar eta EITBren babesarekin eta Euskadiko Filmategia, EPE-IBAIA eta Zineuskadi enpresen laguntzarekin. Edizio honetan ikusi ahal izango dira: Koldo Almandoz eta Gorka Bilbao zuzendarien ‘Itzalak argitzen’ (Berde); Izaskun Arandiaren ‘Irailak’ (IZAR Films, Ametza Films); Elsa Oliarj-Inèsen ‘Txakun Txakür’ (Limbus Filmak, Haruru Filmak, Solent Productions, Palette Terre); Arantxa Aguirreren ‘Un tal Karlos’ (Bainet Teknika); Jabi Elortegiren ‘Gatibu, agur esan barik’ (Pausoka); Alejandro Cortés Calahorraren ‘La maleta de Alex’ (Larrua Creaciones); Gemma González Martínezen ‘Las hijas del mar’ (Ladyred Producciones); Maite Ibañezen ‘Pedro Arrupe, ¿yo viví la bomba atómica’ (’New Servicing Media, New Servicing Media Euskadi), Nitya López Saituaren ‘Simulacro’ (La Córnea Digital, Grisak Films, Mubox Estudio); Aitor Aranguren Ordoñezen ‘300 haritz’ (Muga Productora Audiovisual); Elio Quiroga, Beñat Beitia zuzendarien ‘Winnipeg, el barco de la esperanza’ (Dibulitoon Studio, El otro fil, Malabar, La ballesta, Dibulitoon); eta Igor Legarretaren ‘Inurri itsuak’ (LAZONA ZINEMA, Lamia Producciones, Buendia Estudios Bizkaia, Bruja del Norte Films, LAZONA Producciones, Sideral Cinema, Caviar Antwerp). Bestalde, Origen: Euskadi atalean ‘Ondarea. Euskal sukaldaritza berriak. 50 urte’ (Baleuko) lana proiektatuko da, Ainhoa Alzibarrek eta Beatriz Nietok zuzendua.
Made in Spain atalean, Víctor García Leónen ‘Altas capacidades’ (Sayaka Producciones, Buena Pinta Media, Think Studio, Colosé Producciones, Altas capacidades película) filma izango dugu. Familia baten inguruko komedia da, eta, besteak beste, seme-alaben hezkuntzari buruzko erabakiak hartzerakoan sortzen diren beldurrei eta zailtasunei egin behar die aurre.
Bestalde, Belodromoa berriro beteko da aurten hiru ekoizpenen eskutik. Bertan estreinatuko da Itziar Gómezek eta Aitor Osak zuzendutako ‘Go!azen’ (Pausoka) telesailaren hamahirugarren denboraldia, eta Aritz Morenoren ‘Karateka’ (Señor y Señora, Atresmedia Cine, Apaches Entertainment, Colosé Producciones, Wrong Men), eta Fermin Muguruza eta Ander Merino Etxebesteren ‘Muguruza FM 40 TOUR’ (Talka Records & Films) ere proiektatuko dira.
Bestalde, RTVE Galak José Corbachoren azken lana aurkeztuko du, ‘Burundanga’ (Kowalski Films, Minoría Absoluta, Feelgood Media) izenekoa, izen bereko antzerki-lanaren zinema-egokitzapena. EITB Galak, berriz, David R. Losadaren ‘Odol ilargia’ (EITB eta Baleuko) aurkeztuko du, haurtzaroko bi lagunen eta haietako batek iraganera itzultzeko aukera duenean sortzen diren bigarren aukeren inguruko thriller fantastikoa. Azkenik, oraingo honetan, Klasikoak sailak Ana Díezen ‘Ander eta Yul’ filma berreskuratuko du.

