2026-03-09
“Pertsona bakoitzak istorioan zerbait propioa aurkitu ahal izatea nahi dugu”
‘Ultramarino’, Maren Zubeldia eta Silvina Guglielmottiren film laburra, Malagako Zinemaldiko Sail Ofizialera iritsiko da Zinebi eta Bogoshorts bezalako jaialdietatik igaro ondoren. Sentsibilitatez eta barne-barneko begiradaz, filmak identitate eta gorputz ez-bitarrak jorratzen ditu, eta gizarte-arauak eta segurutzat jo ohi ditugun genero-rolak zalantzan jartzen ditu. Elkarrizketan, proiekzio bakoitzean istorioak nola eboluzionatzen duen, publikoa protagonista nola bihurtzen den eta film laburrak hausnarketarako eta ikusgarritasunerako espazio bat nola sortu nahi duen azaltzen dute.
Zer suposatzen du zuentzat ‘Ultramarino’ Malagako Zinemaldiko Film Laburren Sail Ofizialean hautatua izateak?
Silvina Guglielmotti: Gure lehen filma da zuzendari gisa, eta sorpresa eta lasaitasun nahasketa batekin bizi dugu. Denbora luzez, ‘Ultramarino’ oso prozesu hurbila izan zen, intuiziotik eta bien arteko etengabeko elkarrizketatik eraikia. Orain, zinemaldietan ibilbidea hasten duela ikusteak zortedun sentiarazten digu. Ederra da pelikula ikusi eta partekatu nahi izan dutenak aurkitu izana, eta prozesuan zehar guretzat oso intimoak izan diren galderak jendearengana hurbildu ahal izatea.
Maren Zubeldia: Malaga jaialdi garrantzitsua da, eta ‘Ultramarino’ filmak Sail Ofizialean lekua izatea bultzada handia da guretzat zuzendari gisa. Kezka eta asmo oso pertsonal batetik idatzitako laburra da. Mundu ez bitar batean bizitzea posible den aztertzea eta, haratago, gure gizartean gorputz ez bitarra bizitzea. Publiko guztiarengana iritsi nahi dugu hausnarketa hau partekatzeko. Espero dugu Malagak aukera berriak irekitzea jaialdien zirkuituan, eta ahal dugun guztia egingo dugu filma leku gehiagotara eramateko.
Uste duzue hautaketa honek mugarri bat ezartzen duela proiektuaren garapenean?
Silvina: Ez dakit mugarri batez hitz egingo nukeen, baina bai etapa aldaketa batez. Film laburrak bere ibilbidea hasten duenean, harekin dugun harremana ere aldatzen da: jada gure esku ez dauden erresonantziak sortzen dira, eta horrek erabat eraldatzen du filmaren bizitza.
Maren: Poz handia da Malaga bezalako jaialdi batean hautatuta egotea; ilusio handia egin zigun albistea jaso genuenean. Gure hurrengo proiektuak prestatzen ari gara, eta horrelako zerbaitek, zalantzarik gabe, konfiantza sortzen du idazten jarraitzeko eta hurrengoa aurrera ateratzen saiatzeko. Sormen-prozesu guztietan, une gogor batzuetan perspektiba eta motibazioa galtzen dira, eta honelako albisteek konfiantza eta jarraitzeko bultzada berreskuratzen laguntzen dute.
Zinebin estreinatu zenetik orain arte, zer bilakaera izan du filmarekin izan duzuen harremanak?
Silvina: Zinebin ikusi nuen lehen aldiz sorkuntza prozesuan murgilduta egon gabe. Hortik aurrera, film laburrarekin nuen harremana aldatu egin zen. Distantzia handiagoarekin behatzen hasi nintzen, eta proiekzio bakoitzak ñabardura desberdinak erakusten zituela nabaritu nuen, batez ere, oso pertsona ezberdinak ustekabeko ikuspegietatik istoriora hurbiltzen ari zirela ikustean. Denborarekin, hasierako asmoaren mende egoteari utzi zion, eta proiekzio bakoitzean sortzen zenaren arabera ere definitzen hasi zen.
Maren: Zinebiren ondoren, Bogoshortsera joan ginen, Kolonbiara. Han ikusleek ustekabean harrapatu gintuzten. Asko gazteak ziren eta interes handia erakusten zuten euskal tradizioetan eta genero disforietan. Istorio hau kontatzeko genuen helburuetako bat lortu genuela konturatu ginen: erreferente bat sortzea, elkarri begiratzeko ispilu bat, genero-markatzaile bitarrak zalantzan jarriko zituen pertsonaia bat, trans istorio batean erori gabe. Hau, batez ere, istorio ez bitarra da. Proiekzio bakoitzak erreakzio eta elkarrizketa berriak oparitzen dizkigu publikoarekin, eta sentitzen dut, pixkanaka, istorioak gurea izateari uzten diola, eta ikusten duten pertsona guztiekin partekatutako zerbait bihurtzen dela.
Nolakoa izan da ‘Ultramarino’ jaialdietan zehar eramatea eta aintzatespenak jasotzea?
Silvina: Filmaren ibilbidea pausoz pauso bizi izan dugu. Kimuak-en katalogoan sartzea bereziki garrantzitsua izan zen, pelikulari bidaiatzen hasteko aukera eman ziolako eta bestela oso zaila izango zitzaigulako bide bat aurkitzea. Hortik Gijongo Nazioarteko Zinemaldia, Zinebi eta Bogoshorts-eko nazioarteko estreinaldia bezalako hautaketak iritsi ziren. Esker onez bizi izan genituen. Gonbidapen bakoitzak bultzada eman dio filmari, jaiolekutik haratago ibilbidea egiten jarraitzeko. Malagakoa ere, horrelako istorioei ikusgarritasuna ematen dietenekiko sentitzen dugun esker onarekin bizi dugu.
Maren: Harritu egin nau adin oso desberdineko pertsonengandik jaso ditugun erantzunen aniztasunak. Nerabeak hurbildu zaizkigu, baina baita adinekoak ere. Askok galdera bera egin diote elkarri: "Neska ala mutila da?" Eta egitea gustatzen zait. Gure sozializatzeko moduak muga sakona erakusten du: generoa jariakorra izan daitekeela onartzeko zailtasuna eta dena dualtasun horren barruan sailkatzeko etengabeko beharra. Argi utzi nahi dugu nortasun eta gorputz ez bitarrak daudela, eta gure gizartean leku bat merezi dutela. Eta ez bakarrik gizartean: antzezpenean, liburuetan, filmetan, antzerkian... Horregatik ahalegindu gara Zazuren istorioa kontatzen.
Istorioarekin identifikatuta sentitu diren pertsonen mezuak jaso dituzue?
Silvina: Bai, eta bitxiena da mezuak oso esperientzia desberdinetatik datozela. Pertsona batzuek identitateaz hitz egiten dute, beste batzuek tradizioekin edo tokiarekin duten harremanaz. Orduan ulertu nuen filma ez dela bere testuinguru zehatzera mugatzen, pertsona askok oso modu desberdinetan bizi dituzten sentsazioetan ere oihartzuna duela.
Maren: ‘Ultramarino’-k gizarte-arau asko eztabaidatzen ditu, eta arau horiek, batzuetan, hain daude errotuta gure gizartean eta mundua ikusteko dugun moduan, ez ditugula zalantzan jartzen. Proiekzioen ondoren, publikoarekin hitz egitean, oinordetzan hartzen ditugun ohiturei eta erreproduzitzen ditugun rolei buruz eztabaidatu ahal izan dugu. Uste dugu denok sentitu dugula, noizbait, arau sozialen batekin ez gatozela bat, eta hori da, hain zuzen ere, publikoak film laburra ikustean sentitu duena.
Zer espero duzue gertatuko dela orain Malagan?
Silvina: Gustatuko litzaidake pertsona bakoitzak bere zerbait aurkitzea istorioan. Tradizio oso zehatz batetik abiatzen den arren, ‘Ultramarino’ lana gai unibertsalez ari da: zerbaiten parte izateko beharraz eta, aldi berean, besteek batengandik espero duten lekua hartzeko zailtasunaz. Ea filmak aukera ematen dion ikusle bakoitzari hortik bere burua ezagutzeko, tradizioekiko loturaren bidez, zalantzaren bidez edo inguratzen gaituen sistemarekin erabat bat ez etortzearen sentsazioaren bidez.
Maren: Film laburra gure eskualdetik kanpoko jaialdietan erakusteak beste tradizio eta kultura batzuekin konektatzea ahalbidetuko du. Erreproduzitzen ditugun rol bitarrak eta ia konturatu gabe jasotzen ditugun herentziak zalantzan jartzeko, dualtasun horrekin bat ez datozen identitate eta gorputzentzako espazio bat aldarrikatzeko eta, aldi berean, jasaten duten indarkeria ikusarazteko balio izatea nahi dugu.
Bidaia honen ondoren, zer istorio kontatu nahi duzue?
Silvina: Orain ‘La Esquela’ garatzen ari naiz, norbait hiltzen denean zer gertatzen den eta agurraren inguruko harremanak nola berrantolatzen diren aztertzen duen film laburra. ‘Ultramarino’ obran gorputza eraldatzen ari den lurralde gisa irudikatzen dugu, eta labur berrian, aldiz, desagertutako gorputzaz ari gara: jara ez dago presente, baina hitz egiten jarraitzen du eta geratzen direnak baldintzatzen ditu. Gorputza aztertzen jarraitzea interesatzen zait, gatazkak hartzen dituen espazio gisa. Labur bezala sortzen den proiektua da, eta denborarekin hazteko eta zabalago bihurtzeko aukera izatea espero dut.
Maren: Oraingoan neure kabuz idaztera ausartu naiz. Hamaika urteko neskato baten istorioa kontatzen duen film luze baten gidoian ari naiz lanean. Haurrari maitasun inozente bat pizten ari zaio. 18 urteko hockey-entrenatzailea gustatzen zaio, baina neskak kirola utzi behar izan du lesio baten ondorioz. Haurrak hockey kontzentrazio handi batean parte hartzeko gonbidapena jasoko du, eta benetan jarduera horretan parte hartu nahi duen erabaki beharko du. Erabaki horren ondorioz, hurrengo ikasturtean ez da bere ikastetxeko kirol-taldean egongo, eta, beraz, ez du entrenatzailea berriro ikusiko.

