2025-09-01
“Uste dut ‘Go!azen’ telesailarekin euskara ikasgeletatik kanpo ere hitz egin dadin lagundu dugula”

Xabi Zabaleta euskal ekoizleak Belodromoan, Donostia Zinemaldiaren esparruan, egingo den ‘Go!azen’ telesailaren denboraldi berriko lehen atalaren estreinaldiaz hitz egin digu. Fenomeno horrek publiko gaztea konkistatzen jarraitzen du, antenan hamabost urte baino gehiago eman ondoren. Telesail arrakastatsu honen ekoizle izateaz gain, Netflixen ‘Desagertuta’ fikzio goraipatuaren atzean ere badago Zabaleta.
‘Go!azen’ lanak denboraldi berriari ekingo dio. Espero al zenuten halako harrera beroa ikusleen partetik?
Egia esan, ‘Go!azen’ telesailak lortu duen guztiak izan genezakeen edozein amets gainditu du. Dena film batekin hasi zen 2008an, eta orduan erronka zen kantatzeko, dantzatzeko eta antzezteko gai ziren neska-mutilak lortzea. Eta gero zalantza handia genuen ikusleek nola jasoko zuten. Inork ezin zuen imajinatu 2025ean hemen jarraituko genuenik (2009 eta 2016 urteen artean etenaldia egon zen) eta, are gutxiago, Belodromoan aurkeztuko genuenik gure lana.
Zure ustez, zein da telesailaren arrakastaren gakoetako bat antenan hainbeste denbora emateko?
Suposatzen dut faktore nahasketa bat dela. Alde batetik, euskarazko musikak belaunaldiak konektatzen ditu, eta txikienak bide horretatik sartzen dira telesailean; gainerakoak, berriz, tramagatik gelditzen dira. Gero hurbiltasuna dago: jarraitzaileek protagonistak gertutik ikus ditzakete, kontzertuetara joan... Telesailaren inguruan unibertso oso bat dago, eta horri esker ‘Go!azen’ denboraldiko 12 atalak baino gehiago da. Lantzen ditugun gaiek, eta transmititzen ditugun balioek ere, etxean ‘Go!azen’-ekin zerikusia duen guztia gogo onez onartzen laguntzen dutela uste dut.
Zer bilakaera izan du telesailak lehen denboraldietatik hona?
Uste dut bilakaera nagusia gertatu dela ohartu ginelako jende askorengana iristen ginela eta entretenimendu hutsa baino zerbait gehiago transmititzeko nolabaiteko gaitasuna genuela. ETBk animatuta, publiko horri zuzendutako nazioarteko telesailetan jorratzen ez diren gai ugari landu ditugu.
Zer da publiko gazte batentzat pentsatutako serie bat ekoiztearen gauzarik zailena?
Seriea norentzat egiten ari garen oso gogoan izatea. Batzuetan gertatzen zaigu ahaztu egiten zaigula eta gure publikoak ezagutzen ez dituen erreferenteak erabiltzen ditugula, eta zentratzeko ahalegina egitea tokatzen zaigu. Gero, gure publikoak adin-tarte anitza hartzen duen unetik, eta batez ere adin gazteetan bi urte gora edo behera alde handia dagoelako, etapa desberdinetarako tramak, txisteak eta abestiak planteatu ohi ditugu, badakigulako denek ez dutela beti dena ulertuko.
Zer balantze egiten duzu ‘Go!azen’ telesailak Euskadin izan duen inpaktu kulturalaz?
Pozik gaude. Uste dut gure hondar alea jartzen dugula euskarazko musika sustatzeko eta laguntzeko. Bestalde, leiho bat gara, aukera bat interpretazioan jardun nahi duten neska-mutil gazte guztientzat. Eta uste dut euskara eskolatik kanpo erabiltzen laguntzen dugula. Telesaila ikusten duten ikusleek komentatu egiten dute eta, ondorioz, euskarazko elkarrizketak izaten dituzte. Baina ez telesaila bakarrik, irakurtzeko ohiturari eusten saiatzen gara eta aldizkariak eta liburuak argitaratzen ditugu, kontzertuak antolatzen ditugu... Aita naizen aldetik, uste dut garrantzitsua dela euskarazko ekitaldiak eta materialak sortzea, eskolaz harago.
Zer berri dakarkigu denboraldi honek?
Denboraldi bakoitzean bezala, pertsonaia berri ugari aurkezten ditugu, bakoitza bere istorio eta sekretuekin. Gainera, Basakabik aldaketa nabarmena jasango du, eta horrek denboraldiaren bilakaera baldintzatuko du.
Zer suposatzen du zuentzat Donostia Zinemaldiaren hurrengo edizioan parte hartzeak?
Balio handia du guretzat, zalantzarik gabe. Zinemaldian egotea –Belodromoa bezalako zinema batean– eta jarraitzaileen erreakzioa ikustea gauza ikusgarria da, eta lehen esandako guztiari zentzua ematen dio. Parte hartu genuen lehen aldian, 2023an, hamargarren denboraldia ospatzeko zerbait berezia zela pentsatu genuen. Amets bat izan zen, dena primeran atera zen. Sorpresa joan den urtean errepikatu genuenean etorri zen. Gainera, sarrerak oraindik lehenago agortu ziren eta publikoaren erreakzioak zoragarria izaten jarraitu zuen. Aurten, Belodromora itzultzeaz gain, bi egunetan egingo dugu!
Esperientzia polita da bertan egotea, ezta?
Lehen atala Belodromoan aurkeztuko dugu, aktore guztiak bertan direla, eta, gainera, dantza egingo dute ikusleen aurrean. Aurten, halaber, bada beste ekitaldi berezi bat Urbilen, non, atala ikusteaz gain, jarraitzaileak "kantatzera" animatuko ditugun. Abestien letrak jarriko ditugu, guztiek batera, protagonistek eta ikusleek, kapitulua ikusi eta abesteko aukera izan dezaten. Horrelako zerbait egiten dugun lehen aldia izango da; beraz, gogo handiarekin gaude. Egun zoragarriak dira talde osoarentzat, eta zirraragarriak, batez ere, gurekin estreinatzen diren aktoreentzat. Ea urte askoan itzultzeko aukera dugun.
Baduzu beste proiekturik esku artean? Aurreratuko diguzu zerbait?
Oso pozik gaude ‘Desagertuta/Desaparecido’ lanaren emaitzarekin, eta bigarren denboraldi bat planteatzen ari gara, baina baldintza bakarra dugu lana aurrera eramateko: alderdi guztiek esku artean duguna gustukoa edukitzea. Bestalde, film baten gidoiarekin ari naiz eta ekoiztetxean dokumental batekin gabiltza.