2026-03-10
"Emakumeen memoria demokratikoa berreskuratzea funtsezkoa da berdintasunean aurrera egiten jarraitzeko"
Amparo Climent zuzendariak ‘Pasionaria. Dolores Ibárruri’ bere azken filmari buruz hitz egin digu, baita Malagako Zinemaldian Afirmando los Derechos de las Mujeres sailean izango duen parte-hartzeari buruz ere. Elkarrizketa honetan, Clementek azaldu digu nola uztartu zituen bere lanean zorroztasun historikoa eta emozioa, emakumeen memoria demokratikoa berreskuratzeko prozesua eta Pasionaria bezalako figurek gaur egungo gizartean duten eragina.
Noiz eta zergatik sentitu zenuen Dolores Ibarruriren pertsonaiara hurbiltzeko beharra?
Dolores Ibarruri, Pasionaria izenez ezaguna, XX. mendeko ezinbesteko pertsonaia da, eta nazioarteko mito bihurtu zen Espainiako Errepublikaren alde egiteagatik eta Espainiako Alderdi Komunistako lehen emakume idazkari nagusia izateagatik. Beti izan dut Dolores Ibarrurirenganako miresmen handia zentzu guztietan; nolabait, hainbat belaunalditarako erreferentea izan da. Hala ere, buruzagi komunista honen inguruko informazio eskasiaren eta isiltasunaren ondorioz —batez ere etapa demokratikoan—, gizarte osoaren erantzukizun demokratikoa bihurtu da bere ibilbidea, konpromisoa eta bizitza berreskuratzea eta balioan jartzea.
Emakumeek Errepublika garaian eta frankismoaren aurkako borrokan izan zuten garrantzia Pasionariak irudikatzen du. Ikasketarik gabeko emakumea izan arren, Parlamentura iritsi zen eta bere bizitza langile-klasearen, meatzarien eta emakumeen eskubideen alde borrokatzen eman zuen. Milaka pertsonarentzako inspirazioa izan zen.
Pasionaria XX. mendeko ikono politikoa da, baina filmean ama, amona eta emakume gisa ere ikusten dugu, galerek eta bakardadeek zeharkatua. Zer erakutsi nahi zenuen kontakizun historikoetan agertzen ez den hartaz?
Dolores Ibarruri sendotasunaren, indarraren eta kemenaren sinbolotzat hartu izan da, baina bere alderik gizatiarrena eta hurbilena ia ez da ezagutzen. Umetatik muturreko pobrezian bizi izan zen, eta alabetako lau galdu zituen. Herriko fruta-saltzaileak emandako kutxetan lurperatu behar izan zituen, bere eskasiaren ondorioz. Gainera, sekulako minari aurre egin behar izan zion , bere semerik maiteena, Ruben, Bigarren Mundu Gerrako Stalingradoko batailan hil zelako. Kartzela, erbestea, maitasuna... horrek guztiak marka sakona utzi zuen bere izaeran. Filmak borrokaz, nostalgiaz, galeraz eta bakardadez beteriko ibilbidea egiten du, Dolores Ruiz-Ibarruri bilobaren begiradatik eta Pasionariarekin une garrantzitsuak partekatu zituztenen pertsonen ikuspegitik.
Filmak biografia emozional bat eraikitzen du dokumentuen, poesiaren eta musikaren bidez. Nola landu zenuen zorroztasun historikoaren eta emozioaren arteko oreka hori?
Zorroztasun historiko eta dokumentala funtsezkoa da dimentsio honetako edozein proiektutan. Mario Amorós historialaria, Dolores Ibárruriren idazle eta biografoa, une oro egon zen pelikularen aholkulari gisa, eta berarekin batera aukeratu eta landu genuen material guztia. Gutunak, diskurtsoak, artxiboak eta testigantzak gertaera egiaztagarri eta sendoetan oinarritzen ziren, eta egitura dokumental horrekin, alderdi emozionalenak organikoki lotzen ziren kontakizunean. Doloresek poesia eta musika maite zituen, eta horrek guztiak bere istorioan lagundu behar zion. Gloria Vega soinu-bandaren arduradunaren jatorrizko konposizioek eta Lourdes Pastorren abestiekemozioz beteriko soinu-mantua zabaldu zuten.
Ikerketan zehar, bere nortasunaren zein alderdik harritu zintuen gehien?
Dolores Ibarrurik determinazio ideologiko irmoa eta ezbehar politiko zein pertsonalei aurre egiteko gaitasun handia erakusten digu. Gehien hunkitu ninduena bere erresistentzia emozionala izan zen, eta aurrera egiteko lortu zuen indarra, maite zituenak galdu arren.
Malagako Zinemaldian aurkeztuko duzu filma, Afirmando los Derechos de las Mujeres sailaren barruan. Zer esan nahi du zuretzat proiektu hau publikoarekin esparru horretan konektatzeak?
Historia ofizialaren hutsuneak eta desitxuratzea zalantzan jartzen dituzten kontakizunei ahotsa ematea dakar. Oso garrantzitsua da Dolores Ibarruriren figura eskubideei, berdintasunari eta memoriari buruzko hausnarketa garaikidearen espazioan kokatzea. Horrela, orainaren eta etorkizunaren arteko elkarrizketa ezartzen dugu gure iraganaren bitartez. XX. mendeko agintari politiko eraginkorrenetakoa bihurtu zen Pasionaria, gizonak eszena publikoan nagusi ziren garaian. Horrez gain, muturreko pobreziari, maite zituenen galerari, bere lurraldetik urrun bizitzeari eta maistra bilakatzeko ametsa bertan behera uzteari aurre egin behar izan zien emakumea izan zen.
Azkenik, Dolores Ibarruri bezalako figura baten inguruan lan egin ondoren, nola baloratzen duzu gaur egun emakumeek narratiba historikoan duten lekua?
Emakumeen memoria demokratikoa berreskuratzea funtsezkoa da benetako berdintasunean aurrera egiten jarraitu ahal izateko. Izenak eta bizitzak erreskatatzeaz gain, beren borrokak eta konpromisoa ikusarazi behar dira, eta jakin behar da eraldaketa politiko eta kulturalak ahalbidetu dituztela. Emakumeen historia gizonek kontatu eta gidatu izan dute beti. Elkarrizketarako espazioak berriro irekitzen dituzten ekimenak baloratu behar ditugu, isiltasunaren hutsuneak bete eta sexismoaren hormak suntsitzen saiatu, bizikidetza demokratikoko etorkizun baterako. Dolores Ibarruri bezalako emakumeek egiaren eta justiziaren bidea irekitzen diguten emakume ausart eta konprometitu horien guztien urratsak argitzen dituzte.

