2026-05-19
FANT-BILBOKO FANTASIAZKO ZINEMALDIAREN 32. EDIZIOAREN BUKAERAN, 10.700 PERTSONA INGURU BERTARATU DIRA PROGRAMATUTAKO JARDUERETARA
Joan den urtetik hona % 20 hazi da asistentzia. Datu horrek berretsi egiten du Jaialdiaren eta bilbotarren arteko lotura gero eta sendoagoa dela, bai eta fantasiazko eta beldurrezko zinemarekiko interesa gero eta handiagoa dela ere.
Jaialdiak sendotu egin du Bilbok genero-zinemaren tokiko eta estatuko topagune handi gisa duen izaera.
FANT – Bilbao Zinemaldi Fantastikoaren 32. edizioa maiatzaren 8tik 16ra bitartean egin da, eta harrera bikaina izan du. Bilboko nahiz Estatuko fantasiazko zinemaren hitzordu nagusietakoa den topaketa hau nabarmen hazi da aurten: ia 10.700 lagunek parte hartu dute programatutako jardueretan. Horrek esan nahi du iaztik hona publikoa % 20 igo dela, eta datuak agerian uzten du jaialdiaren eta bilbotarren arteko lotura gero eta sendoagoa dela, bai eta fantasiazko eta beldurrezko zinemarekiko interesa gero eta handiagoa dela ere.
Publikoaren erantzun hori zinema-aretoen okupazio-maila altuan ere islatu da. Jarleku guztiak okupatu dira inaugurazio-galan (Campos antzokian), Panorama FANT Atalean hautatutako hamar film laburren proiekzio-saioan, eta Laura Guerricaechevarríaren El asombro filmaren proiekzioan.
Era berean, Atal Ofizialeko nazioarteko film laburren saioan eta Damian McCarthyren Hokum lanaren proiekzioan ia-ia jarleku guztiak bete dira.
Egunotan, FANTek berriz ere Bilbo topagune bihurtu du zinemagile, interprete, industriako profesional eta publikoarentzat. 2026ko edizioa proposamen zinematografikoetan izan duen aniztasunagatik eta irekitasunagatik nabarmendu da, generoaren muga tradizionalak zabaltzearen aldeko apustua egin baitu. Programazioak azpigenero asko hartu ditu barnean: izu psikologikoa, fantastiko-soziala, zientzia fikzioa, folk horror, naturaz gaindiko thrillerra, animazioa, dokumental fantastikoa eta proposamen hibridoak.
Begiraden, estiloen eta zinematografien aniztasun hori izan da publikoak eta kritika espezializatuak gehien baloratu duten alderdietako bat. Sendotu egin da genero fantastikoa lurralde zabal, garaikide eta aldagarritzat hartzen duen jaialdi honen nortasuna.
Edizio honen indarguneetako bat "Planotik kanpo" izeneko atal berria sortzea izan da. Ekimen horren helburua da zinema-sorkuntzaren barruan funtsezkoak izan arren normalean fokutik kanpo geratzen diren profesionalei ikusgarritasuna ematea. Proposamen honek harrera bikaina izan du, bai publikoaren aldetik, bai parte hartu duten profesionalen aldetik; horrek erakusten du interesa dagoela fantasiazko zinema ahalbidetzen duten prozesu sortzaile eta teknikoetara hurbiltzeko.
FANT 2026ko programak, gainera, emakume sortzaileen ikusgarritasunaren aldeko apustua indartu du; izan ere, emakumezko zuzendari, gidoilari eta ikus-entzunezkoen profesional ugari egon dira, bai lehiatzen, bai atal paraleloetan eta jarduera berezietan.
Haien artean, aipatzekoak dira Bea Lema euskalduna, Euskal Film Laburrenaren Epaimahaiaren Saria irabazi duena “El Cuerpo de Cristo” lanarekin; Laura Barquin, “Azpian” filmaren zuzendarietako bat; Laura Guerricaechevarría, “El asombro”-ren zuzendaria; edo Ana Graciani, zeinaren “La ventana abierta” film luzeak Publikoaren Saria jaso baitu Atal Ofizialean. Haien parte-hartzeak, beste sortzaile askoren parte-hartzearekin batera, argi erakusten du emakumeek sortutako fantasiazko zinemak bizi duen une ederra.
Ildo beretik, Nerea Torrijosen erakusketak sektoreko andrazko profesional askoren funtsezko zeregina aldarrikatzen lagundu du, haien lana ezinbestekoa baita zinema-sorkuntzan. Erakusketa Abandoko Udaltegian dago, maiatzaren 29ra arte irekita, eta edizio honetako espazio paralelo bisitatuenetako bat bihurtu da. Maiatzaren 4an ireki zenetik, 3.100 bisita baino gehiago izan ditu, jaialdiaren esperientzia zinema-aretoetatik harago zabalduz eta ikusleak Estatuko ikus-entzunezkoen profesional ospetsuenetako baten unibertso bisual eta artistikora hurbilduz.
32. edizio honekin, FANT Bilboko Zinemaldi Fantastikoak berretsi egiten du zinema fantastiko ireki, plural eta aldakorrarekin duen konpromisoa, eta Bilbo generoaren topagune nagusietako gisa finkatzen du.

