2026-06-08
“LA CASA EN EL ÁRBOL” FILMAREKIN INAUGURATUKO DA FANT-BILBOKO ZINEMALDI FANTASTIKOAREN 32. EDIZIOA
FANT Bilbao gaur, maiatzak 8, hasi eta maiatzaren 16ra arte egingo da.
Luis Calderonek zuzendutako filma gaur arratsaldean ikus ahal izango da Campos Eliseos Antzokian egingo den inaugurazio-galan.
Bilboko Udalak antolatzen duen FANT-Bilboko Zinemaldi Fantastikoa gaur abian jarriko da “La Casa en el Árbol” filmaren proiekzioarekin, maiatzak 8ko arratsalde honetan egingo den inaugurazio-galan, Campos Eliseos Antzokian, 19:30ean.
Gaur goizean, Luis Calderonek zuzendutako filma komunikabideen aurrean aurkeztu da prentsaurrekoan, eta bertan izan dira Amaia Domingo, Zinemaldiko zuzendaria; filmaren zuzendaria; Sandra Escacena eta Claudio Portalo aktoreak; eta Maria Rivera ekoizlea. Amaia Domingok, bere hitzaldian, gogorarazi du film luze hau “Bizkaiko paisaietan filmatu dela, tartean Zeanurin edo Bilbon bertan, leku ezagunetan, pelikula honetan beldur pixka bat ematen badigute ere. Zuzendariak fantasiazko eta beldurrezko generoaren gainean duen ikuspegiak batzuetan gozarazi egiten gaitu eta, beste batzuetan, sufriarazi, bere argiak eta itzalak erakusten dizkigun ingurune ezagun batean”. Era berean, FANTeko zuzendariak eskertu egin du filmeko lantaldea Bilbon egotea, eta azpimarratu du “Zinemaldiko programazio ofizialean ikusiko den lehen filma izango dela, zinema-aretoetan estreinatuko den egun berean”.
“La Casa en el Árbol” filmean Ale eta Jesus mutil-lagunaren istorioa kontatzen da. Drago txakurrarekin batera, asteburu erromantiko bat igarotzen ari dira zuhaitz bateko txabola batean, Zeanuriko basoan 20 metrotik gorako altueran. Gauaren erdian, Alejandra Dragoren zaunkek izututa esnatuko da, eta zer gertatzen den ikustera ateratzean, Jesus txabolatik erortzen ikusiko du, eta berehala hilko da. Handik urtebetera, Ale Zeanuriko basora itzuliko da, Jesusen heriotza ez zela istripu bat izan eta basoan dagoen zerbaitek kendu ziola sinetsita. Baina, orain, Alek plan bat du; hau da, basoan zerbait dagoela erakustea. Eta presentzia hori harrapatu egin behar da.
Luis Calderon sevillarrak egindako lehen film luzea da, egile-slasherra, Utah Horror Fest jaialdian Nazioarteko Film Onenaren saria irabazi zuena. Arrakasta izan du Europako zinemaldietan, eta Estatuko beldurrezko zinemaren ahots berri gisa finkatzera iritsi da. Zuzendaria, gidoilaria eta ekoizlea da Luis Calderon, eta 2015ean egin zuen debuta “Sabbat” film laburrarekin, Los Angelesko LAUFFean saritua eta nazioartean txalotua.
EFTI Madrilen ikasi ondoren, La Barbería Films sortu zuen, ekoiztetxe independentea, egun beldurrezko zineman oinarritzen dena. Nazioarteko marka eta artista handientzako bideoklipak eta iragarkiak zuzendu eta ekoitzi ditu. PXXR Cinema mugimenduaren sortzailea ere bada. Sandra Escacena da “La Casa en el Árbol” filmeko protagonista, eta berarekin batera arituko dira Claudio Portalo, Kandido Uranga, Apolonia Lapiedra, Ai-xing Cobos, Mala Rodríguez Asier Hernandez eta Inge Ugarte.
SARRERAK ETA ABONOA
Inaugurazio-saiorako eta euskal film laburren saiorako sarrerak Campos Antzokian erosi ahal izango dira bakoitza 5 euroren truke, eta amaierako galarako eta palmaresaren proiekzioetarako sarrerak BBK Aretoan prezio berean.
Azkuna Zentroko Auditorioan eta Golem Alhondiga zinemetako 1. aretoan programatutako proiekzioetarako sarrerak ere salgai egongo dira 5 euroren truke.
Sarrerak 4 euroren truke erosi ahal izango dira FAS Zine Klub eta Azkuna Zentroko txartelak izanez gero edo El Correo edo Campos Eliseos Klubeko harpideduna bazara.
Golem Alhondiga zinemetako 2. aretorako sarrera doakoa izango da plaza-kopurua bete arte.

