2026-09-17
"Heriotzari buruzko film guztiek bizitzaz ere hitz egiten dute"
Zuzendari donostiarrak ‘Azken agurra’ aurkeztu digu. Komedia existentzialista da, euskara hutsean grabatua, eta mundu mailako estreinaldia izango du Donostia Zinemaldiko Sail Ofizia-lean.
Nondik sortu zen ‘Azken agurra’ filmaren ideia eta zerk bultzatu zintuen heriotzaren inguruko istorio bat hain leku ez konbentzionaletik kontatzera?
Istorioak denbora asko zeraman nirekin. Zoritxarrez ez da erraza zerbait pentsatu eta epe laburrean filmatzea. Kutsu klasikoa duen filma egin nahi nuen, gaur egun kokatua baina atenporala izango zena. Ezagutzen dudan gai batez hitz egitea ere bazen asmoa: gizon helduen miseria txikiez hitz egitea.
Filma hileta laiko pertsonalizatuak antolatzen dituen enpresa batetik abiatzen da. Zer interesatzen zitzaizun ideia horren bidez esploratzea eta zer kontatu nahi zenuen heriotzarekin dugun harremanari buruz?
Dolua da guztiek une batean edo bestean bizi behar izaten dugun esperientzia bat. Pelikula honetan, dolu horiek antolatu eta zuzentzen dituen gizon bat da protagonista, eta bere lanbidea aitzakia bat besterik ez da beste hainbat gauzetaz hitzegin ahal izateko. Heriotzaren inguruko film guztiak dira bizitzari buruzko filmak eta horregatik du komedia esistentzialista kutsua.
Pelikulan umore beltza, ironia eta samurtasuna uztartzen dira, baina dimentsio oso gizatiar eta existentziala ere badago. Nolakoa izan zen erregistro horien arteko oreka aurkitzea filmaren tonua eraikitzeko?
Bilaketa bat da, eta nire kasuan behintzat pelikula amaitu arte ez da itxita edo erabakita egoten. Gidoian, paperean, gauzek modu batera funtzionatzen dute eta barne logika izaten dute, baina filmatzen hasten zarenean gauzak eraldatu egiten dira. Une hori da nire ustez delikatuena -eta magikoena-, hor sortzen da pelikulak izango duen tonua. Eta eginkizun horretan hainbat faktoreek zerikusia dute: aktoreen lana, argazkia, soinua, lokalizazioak, dekoratuak,...
Euskara hutsean filmatuta dago eta mundu mailako estreinaldia izango du Donostia Zinemaldiko Sail Ofizialean. Zer suposatzen du filma honelako espazio batera eta hain publiko zabalera iristeak?
Ilusioa egiten dit filmatu den hirian bertan estreinatu ahal izatea, filmean parte hartu duen jendeak ikusteko aukera izango duelako.
Zinemaldian askotan eta hainbat formatutan parte hartu ondoren, nola egingo diozu aurre zure hirugarren film luzearen estreinaldiari Donostian?
Ba kontent eta lasai. Zinemaldia zurrunbilo izugarria da eta proposamenez gainezka egiten du. Gurea horietako bat besterik ez da eta gure tarte hori gozatzen saiatuko naiz lantalde eta lagunekin.
Nolakoa izango da 'Azken Agurra' lanaren ibilbidea Donostian estreinatu ondoren? Ba al dago beste aukeraketa batzuk baieztatuta edo aretoetan estreinatzeko planik?
Bereziki kontent nago ze Donostiaren ostean, oraindik iragarri ezin dudan A mailako zinemaldi batean estreinatuko dugulako filma nazioartean. Garrantzitsua izan da niretzat pelikulak halako interes modukoa piztu izana hemendik kanpo ere. Eta kasu honetan behintzat, pelikulagatik soilik izan da eta ez industria harreman edo bestelako interesengatik, eta horrek poztu egin nau.
Eta etorkizunari begira, ba al duzu proiektu berririk esku artean edo laster pantailara eraman nahi duzun istorioren bat?
Proiektuak beti daude, baina lehen esan bezala, proiektu bat altxatzea denbora eta ahalegin asko eskatzen ditu. Niri behintzat ez zait gustatzen proiektu bat dudala esatea, proiektu hori gauzatzeko baliabideak izan arte. Beste guztia ametsak dira,... edo kea.

