2026-03-20
BILBAO-FANT ZINEMALDI FANTASTIKOAK
FANT Zinemaldiaren 32. edizioa maiatzaren 8tik 16ra ospatuko da.
PreFANT zikloaren parte den filma martxoaren 24an, asteartea, izango da ikusgai, 19:30ean, Golem-Alhondiga zinemetan.
Sarrera librea da lekua bete arte eta gonbidapenak zinemetako leihatiletan jaso ahal izango dira.
Lehentasuna izango dute Zinemaldiko elementuren batekin edo Batmanekin zerikusia duen elementuren batekin joaten direnek
FANT Zinemaldiaren 32. edizioa maiatzaren 8tik 16ra ospatuko da.
Bilboko Udalak antolatutako FANT Zinemaldi Fantastikoak PreFANT zikloarekin jarraitzen du, Tim Burtonek zuzendutako "Batman" filmaren proiekzioarekin, martxoaren 24an, asteartea, 19:30ean, Golem-Alhondiga zinema-aretoetan. Zinemaldiaren aurreko ziklo honen laugarren hitzordua da, "Decorado", "Gaua" eta "Aves de corral" filmen aurrestreinaldien ondoren.
Sarrera doakoa izango da, baina aldez aurretik leihatilan jaso behar da, proiekzioaren egunean bertan, 16:30etik aurrera. FANTekin lotutako merchandising-arekin (kamisetak, poltsak, programa...) eta Batmanekin lotutako elementuren batekin joaten diren pertsona guztiek lehentasuna izango dute gonbidapenak jasotzerakoan.
1989ko filma Batmanen sortzaileen jatorrizko lanean oinarritu zen, Bill Finger eta Bob Kane, hogeita hamar eta berrogeiko hamarkadetakoa, baita 1980ko hamarkadako komiki ilunetan ere. Zuzendaritza artistiko onenaren Oscar saria irabazi zuen, gainera, BAFTA sarietarako sei izendapen lortu zituen eta fantasiazko film onenaren saria jaso zuen Saturn Awards sarietan, besteak beste. Jack Nicholson (Joker filmean) aktore onenaren (komedia/musikala) izendatua izan zen Urrezko Globoetan.
Tim Burton estatubatuarrak bere gain hartu zuen pelikula honen zuzendaritza eta bere estilo berezia inprimatu zion, "Burtonesque" bezala definitu dena. Superheroien filmen fenomenoa bultzatu izana egozten zaio (adibideak dira 1989ko "Batman" eta 1992ko "Batman Returns"); stop-motion animazioa suspertzea ("Eguberri aurreko amesgaiztoa", 1993; "Andregai hilotza", 2005; "Frankenweenie", 2012); musikal handiei ukitu makabroa ematea ("Sweeney Tood", 2007); eta zeluloidearen antiheroi ikonikoenetako batzuen sortzailea izatea ("Beetlejuice", 1988 edo "Eduardo Eskuguraizeak", 1990).
Kultuko klasiko bihurtu diren filmak idatzi, zuzendu eta ekoitzi ditu Burtonek, eta mota guztietako generoak landu ditu. Telesailak, film laburrak, musika-bideoak eta publizitate-iragarkiak ere egin ditu. Bere film askok publikoaren eta kritikaren mesedea jaso dute, zinema-industriaren sari eta izendapen handiak lortuz, besteak beste, "Batman", "Ed Wood", 1994; "Sleepy Hollow", 1999, "Big Fish", 2003, edo "Alice in Wonderland", 2010.
“BATMAN”
Gotham hiri iluna gero eta arriskutsuagoa da Batman agertu arte. Zaldun Ilunak ongiaren eta gaizkiaren arteko lerro mehea zeharkatzen du, errugabeak defendatzeko eta gurasoen hilketa basatiaren oroitzapena ezabatzeko borrokan. Krimenaren aurkako gerran, Joker izango du aurkari, bere lehen etsai handia.
Estatu Batuak, 1989
Generoa: akziozko film- fantastikoa
Zuzendaria: Tim Burton
Aktoreak: Jack Nicholson, Michael Keaton, Kim Basinger, Michael Gough, Jerry Hall, Robert Wuhl, Pat Hingle, Billy Dee Williams
FANT 2026 FANT Bilbao zinemaldiaren 32. edizioko kartela, maiatzaren 8tik 16ra ospatuko den zinemaldia, Batman du protagonista. Irudi horrek zinema fantastikoko pertsonaiarik mitikoenetako bat ikusarazten du, eta, gainera, omenaldia egiten dio, telebistan agertutako lehen Batman 60. urteurrena ospatzen baita. FANT 2026 kartelean, Batmanen jatorri ilustratua DCn gogorarazten duen estetikarekin, Zaldun Iluna ikusle bat gehiago bezala aurkezten da bere zinema-besaulkian, bere hiriaz gozatuz, Gotham City izan beharrean, Bilboko skyline dena.

