2025-11-21
Uste dut publikoak ‘Ultramarino’ ikustean izango duen sentsazioa izango dela erreferente berri baten sorkuntzaren aurrean dagoela
‘Ultramarino’, Maren Zubeldiaren eta Silvina Guglielmottiren film laburra, Zinebi-ra iritsiko da binariotasunik eza aztertzera eta tradizio sozialak zalantzan jartzera, arrantzale herri baten ikuspegitik. Elkarrizketa honetan, istorioa nola sortu zen kontatu digute zuzendariek, baita filmaketaren erronkez — marea biziak eta urpean gelditutako lokalizazioak — eta etxean estreinatzearen pozaz mintzatu ere. Proiektuaren asmoa garbi adierazi dute: erreferenteak sortzea, eztabaida eragitea eta istorioarekin identifikatuta sentitzen direnei aterpea eskaintzea.
Nola sortu zen ‘Ultramarino’ filmaren ideia? Zerk bultzatu zintuzten istorio hau kontatzera?
Silvina: Ikus-entzunezkoen industrian, zineman, elkarrekin lan egiten ari ginela sortu zen. Marenek Zinegoak bezalako jaialdietan parte hartu ohi du eta genero kontuetan oso sartuta dago, eta berak komentatu zidan istorioak kontatzeko premia handia zegoela, pertsonak besteen bizipenetan islatuta senti zitezen. Hortik abiatuta, ideiak pentsatzen hasi ginen, eta galdera bat sortu zen: nolakoa izango litzateke mundu ez-binario batean bizitzea? Hasieran, pertsonaia intersexual baten istorioa kontatu nahi genuen, baina, ondoren, ez-binarismoan zentratzea erabaki genuen, film labur batean garatzeko errazagoa iruditzen zitzaigulako. Nik asko eskertzen dut proiektu honetan Marenekin egon ahal izatea belaunaldi-kontu batengatik: ni baino dezente gazteagoa da; ni beste belaunaldi batetik nator, eta gurutzatze horrek izugarri aberastu nau. Uste dut oso interesgarria dela bien ikuspegia istorioan ikusi ahal izatea.
Maren: Gainera, proiektuarekin hasi ginean konturatu ginen itsasoa dela Silvina eta biok lotzen gaituena, zentzu askotan. Biok kostaldean bizi gara. Silvina Buenos Aireskoa da, baina Ziburun bizi da duela 20 urtetik, eta ni Donostiako portukoa naiz, arrantzale familia batekoa. Etxe horretan jaio edo bizi den laugarren belaunaldia naiz, eta horrek eragin handia izan du nire hezkuntzan eta mundua ikusteko moduan. Binarioa ez den pertsonaia horrekin lanean hasi ginenean, arrantzale herri batean kokatu nahi izan genuen, ohiturei eta tradizioari oso lotutako agertokia iruditzen zitzaigulako; eta gure pertsonaia testuinguru horretan kokatzea bisualki ahaltsua iruditu zitzaigun. Horregatik deitu genuen ‘Ultramarino’: hasieran, “ultramarinoen” denda batean pentsatzen hasten gara, belaunaldiz belaunaldi oinordetzan hartzen ditugun eta askotan atzean uzten ari garela uste dugun tradizio horien sinbolo gisa, baina gero konturatzen gara oso errotuta dauden tradizio batzuk oso bortitzak direla sistema binario batean lekurik ez duten pertsona eta gorputz askorentzat.
Filmaketan erronka/zailtasun garrantzitsurik aurkitu zenuten?
Maren: Guretzat oso berezia da zinema egitea, askotan hilabeteak edo urteak ematen baitituzu proiektua nolakoa izango den pentsatzen, nola filmatuko duzun, eguraldi ona egingo duen... eta gero set-era iritsi eta denborale bat egon daiteke. Marea biziak izan genituen, eguraldi txarra, haizea... eta sekuentzia asko aire zabalean ziren. Amorrua sentitu genuen: “hiru urte daramatzagu proiektu hau filmatu ahal izateko, eta gaur bertan urak hartzen digu etxea”.
Silvina: Etxe barruan filmatu genuen egunean, itsasgora izugarri batek urez bete zuen. Kokapena oso berezia zen, itsasoan esekita zegoen espazio bat, eta istorioan erabateko protagonismoa hartu zuen, ia familiak bezainbeste. Bat-batean ura ateratzen hasi zen lurretik, eta ur goratasun horrekin grabatu behar izan genuen. Aktoreak zalditxora eramaten genituen busti ez zitezen eta kable guztiak altxatu behar izan genituen. Horrela filmatzea nahiko arriskutsua zen, baina sekuentzia hori momentu horretan ateratzeko beharra genuen. Zinema egiterakoan, denborak direnak dira eta ezin dira luzatu. Gero, filmatzeko premia hori nabaria da istorioan: uste dut aktoreak ere, itsasoak inbadituta egotearen ondorioz, leku dramatiko desberdin batean jarri ahal izan zirela, eta egoera horrek gauza positiboak ekarri zizkigun. Beste zailtasun bat bizikletaz egindako traveling-ak izan ziren, oso zailak; kamera zeraman bizikletaren gurpila zulatu egin zitzaigun, eta protagonistaren aurkezpen planoa zen. Guretzat, uko egitearen artea ere bada zinema, beti pentsatzen ari zarelako nola atera proiektua daukazun denboran; on egingo lioketen gauzak egiteari utzi behar diozu, ezin baitituzu islatu. Ikuspegia halakoa da: "jarrai dezagun aurrera, filmaketaren gorabeherak gorabehera". Beti nahiko genuke egun bat gehiago edukitzea; egia esan, bizpahiru egun badira, hobe, beti falta delako zerbait.
Zinebi bezalako jaialdi batean hautatuak izatea lorpen handia da. Zer esan nahi du zuentzat ‘Ultramarino’ edizio honen parte izateak?
Silvina: Guretzat harrotasun handia da Zinebin aukeratuak izatea, bereziki hurbiltasunagatik eta ikusle izan garelako urteetan zehar. Bertakoak sentitzen gara, eta hori beti da polita, etxean estreinatzea bezala. Gainera, gauza tipiko bat gertatzen da: maite zaituen edo maite ez zaituen jendearen txalo zaparrada. Komunitate gisa sentitzen da, eta hori nabarmentzea merezi duen zerbait da niretzat.
Maren: Guretzat oso berezia da ‘Ultramarino’ lehen aldiz Zinebin, Euskal Herrian, eta hemengo publikoarekin ikustea. Nik EHUn ikasi nuen, Leioan, eta nahiz eta donostiarra izan eta hango zinema-jaialdia ezagutu, Bilbora ikastera etorri nintzenean jakin nuen film labur eta dokumentalen jaialdi oso interesgarria zegoela bertan. Zinema-ikasketak hasten dituzunean, gertuago ikusten dituzu film laburrak; luze bat egitea baino errazagoa da labur batekin hastea. Nik harreman handia dut Zinebirekin, taldea ezagutzen dut eta hainbat ediziotan egin dut lan bertan. Beraz, oso berezia da estreinaldi hau etxean izatea. Gainera, esperientzia borobildu dugu, 2022an HEMENek eskaintzen duen Aukera programan parte hartu, sarietako bat irabazi eta Bilboko Doxa ekoiztetxearen laguntza lortu genuelako. Zuri Goikoetxeak eta Ainhoa Andrakak gure proiektuan konfiantza izan zuten. Hala, pixkanaka lana aurrera ateratzen joan ginen, martxan jartzen, eta Bilborekiko lotura indartu genuen, ekoiztetxea bertakoa delako. Guretzat estreinaldia oso berezia izango da, filman pertsona askok parte hartu baitute (familia, lagunak), asko inplikatu eta lagundu dutenak, eta sentitzen dugu hori ospatzeko modu bat dela, filma haiekin guztiekin estreinatuz. Proiektu hau ez da gurea bakarrik; guztiona da, beraz, pozik gaude Zinebin partekatzeaz.
Zer harrera espero duzue ikusleengandik?
Maren: Nik uste dut publikoaren sentsazioa izango dela erreferente berri baten sorkuntzaren aurrean dagoela. Adibidez, egoera horretan dagoen norbait ezagutzen baduzu, binariotasunetik kanpo bizitzen ari den pertsona bat, film honek helburu du ingurukoei argi uztea askotan gorputzak ez direla gaizki daudenak. Gaizki dagoena sistema da, sistema binarioak ez baitu funtzionatzen. Gorputz bakoitza polita, baliotsua, ederra eta maitagarria da.
Zinebiren ondoren, zer asmo duzue? Zein izango da lanaren ibilbidea?
Silvina: Filmaren ibilbidea hasi berria da eta pertsona askorengana iritsiko delakoan gaude. Hemendik Gijonera goaz, gero nazioartean Bogoshortsen estreinatzea tokatuko zaigu eta Zinegoaken egongo garela ere esan digute. Horrek guztiak ilusio handia egiten digu.
Maren: Bai, Bilboko LGTBI+ jaialdiaren barne dagoen programa batean izango gara, institutu eta eskolei zuzendutakoa.
Silvina: Oso interesgarria iruditzen zaigu, eztabaida, elkarrizketa, topaketa eta desadostasuna planteatuko dituelako, beharrezkoa den bezala. Batez ere, guri edo ingurukoei gertatzen zaizkigun gauzei edo ezjakintasun handiz inguraturiko egoerei buruz hitz egiteko aukera emango digu. Marenek esaten zuen bezala, zalantzan jartzen ez ditugun tradizio sendoak ditugu, eta batzuetan beharrezkoa da horiek birplanteatzea, distantzia batetik begiratzea, eta baita barrutik ere, perspektibaz, gaur egun bizi garen unean kontatzen ari garenak benetan zer esan nahi duen ulertzeko.
Maren: Eta institutu horietan, gure istorioan aterperik aurkituko duen inor balego, edo bakarrik ez dagoela jakiteko balioko badio, hain zuzen hori da gure asmoa.

