2024-09-11
"Dokumentala Lau Haizetara Foroan aurkeztu nuen duela urte batzuk, eta behin amaituta dagoela, oso poetikoa iruditzen zait Donostiara itzultzea”
Carmen Chaplin zuzendariak aitonaren herentzia erromaniaren gaia jorratuko du bere dokumental berrian, Zinemaldiko Zinemira sailean. Elkarrizketa esklusiboak eta Chaplinen ondarean murgiltzeko aukera paregabea eskaintzeaz gain, bere ijito sustraien esplorazio sakona egiten du lanak.
Zer ikusiko dugu ’Chaplin | Espíritu gitano‘ dokumentalean?
Dokumentala Charlieren erretratu intimoa da, familiaren ikuspuntutik, eta bere obraren ikuspegi berria eskaintzen du, bere herentzia ijitoaren bitartez.
Aitonak 1964an bere autobiografia argitaratu ostean, Jack Hill izeneko ijito ingeles baten gutuna jaso zuen. Hark zioenez, Charlie ez zen Londresen jaio, Ijito Erreginaren karabanan baizik, Black Patch zonan, Birmingham hiriaren aldirietan.
Nire aita da istorioaren ardatza, Michael J. Chaplin egilea (Charliek Oona O 'Neilekin izan zuen seme zaharrena). Bere ijito-sustrai ingelesak ezagutuko ditu eta aitarekin izandako harremana sakonago ulertuko du.
Nola sortu zen proiektu hau aurrera eramateko ideia?
Charlie oso harro zegoen ijitoa izateaz; seme-alabei hitz egiten zien zenbaitetan leinu horri buruz, baina ez zien inoiz xehetasunik eman. Gaztetan, Michaelek ijitoen kulturarekiko eta musikarekiko benetako pasioa garatu zuen.
Aitak Jack Hillen gutuna aurkitu zuenean, nire ahizpa Doloresek eta bere bikotekide ohiak, Stany Coppetek, dokumental bat egiteko ideia izan zuten.
Oso lan familiarra da. Nolakoa izan zen zure aitarekin eta ahizparekin lan egitea?
Ekoizpen hau beti izango da berezia niretzat. Esperientzia ikaragarria izan zen bide hau aitarekin egitea, elkarrekin bere beste alde bat ezagutzea "Charlieren seme" gisa, eta Charlieren beste dimentsio baten berri izatea.
Pribilegioa izan zen ahizparekin lan egitea, eta Magikoa Geraldine, Victoria, Christopher eta Jane osaba-izeben esentzia jasotzea. Charlieren ondarearen parte dira, bere filmak bezalaxe.
Azken batean, ezin izango genuen filma egin Chaplin Bulegoaren eta Mk2 Films ekoitzetxearen laguntzarik gabe.
Nola sentitzen zara hainbeste artista handi dituen familiaren parte izatean? Presiorik sentitzen duzu edo zure karreran bide berriak esploratzeko motibazioa da?
Gazteagoa nintzenean, zuzendari izateko ideiak ikaratu egiten ninduen; beraz, antzezten hasi nintzen, eta izugarri gustatu zitzaidan. Urteak aurrera egin ahala, gidoiak idatzi eta film labur batzuk egin nituen. Esperientzia horiek aukera eman zidaten nire lehen film luzea zuzentzeko behar nuen konfiantza izateko eta filmografia eraikitzeko.
Gaur egun, ez dut inolako presiorik sentitzen Eugene O 'Neillen edo Charlie Chaplin jeinuen mailan egoteagatik; hunkitu egiten nau proiektuak idazteak eta zuzentzeak.
Nola sentitzen zara Donostiako Zinemaldirako hautatua izateagatik?
Oso pozik (eta arinduta) sentitzen naiz filmak aukera hau izango duelako. Izan ere, lehen mailako jaialdi batean estreinatzea funtsezkoa da film independente edo artistiko baten arrakastarako.
Dokumentala Lau Haizetara Foroan aurkeztu nuen duela urte batzuk, eta behin amaituta dagoela, oso poetikoa iruditzen zait Donostiara itzultzea. SSIFFen arte eta talentu handia dago. Izugarri hunkituta nago programazioaren parte izategatik.
Nolako harrera izango du ikusleen artean?
Gehien hunkitzen nauena da Michaelek erromesaldi honetan bere aita berreskuratu izana. Hau familia bati eta bere ondareari buruzko istorioa da. Nire aitarentzat, filmak hainbeste maite duen ijito-tradizioa laudatzen du. Ijito erromani bidaiarien tradizioaren omenaldi eta ospakizun bat da, eta publikoari Chaplinen ikuspegi berri bat eskaintzen dio, gizon eta artista gisa.
Zein bide egingo du filmak jaialdiaren ondoren? Zineetan estreinatzeko asmoa duzue?
Bteam banatzaile espainiarra arduratuko da Espainiako zinema-aretoetan estreinatzeaz. Film Constellation etxeko Fabien Westhoff mundu mailako salmenak kudeatzen ari da, eta beste lurralde batzuetan ere estreinaldiak antolatzen ari gara.
Baduzu beste proiekturik buruan?
Nire hurrengo proiektua ’Photocall‘ drama zinematografikoa da eta Parisko modaren munduan girotuta dago. Berrogei urteko preso pintore batek supermodelo gisa zuen papera berreskuratzen du.