2025-06-23
Euskadik koprodukzioko bazkide gisa duen ahalmena erakutsiko du Gasteizen 35 herrialdetako profesionalen aurrean

Ekainaren 24tik 30era bitartean, Gasteizen egingo da EAVE Producers Workshop ospetsuaren urteko hiru edizioetako bat. Europa osoko ikus-entzunezko ekoizleei zuzendutako prestakuntza- eta garapen-programa da, eta European Audiovisual Entrepreneurs (EAVE) erakundeak antolatzen du.
Oraingo honetan, euskal zinema protagonista izango da. Bertan, Euskadin ekoiztearen onurak nabarmenduko dituen aurkezpen bat egingo da, 35 bat herrialdetako 70 ekoizle, gidoilari eta sektoreko profesional baino gehiago bilduko dituen nazioarteko testuinguru batean. Aurkezpena bihar, ekainak 24, egingo da, 19:15etik aurrera, ‘Euskal Herriko enpresekin ekoizten’ izenburupean.
Saioan parte hartuko dute Andoni Iturbe, Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburuordea; Saray Zárate, Arabako Kultura eta Kirol diputatua; María Nanclares, Gasteizko Udaleko Kultura zinegotzia; Silvia Ruiz, ikus-entzunezkoen, entretenimenduaren, jabetza intelektualaren, adimen artifizialaren, pribatutasunaren eta teknologia berrien arloko abokatua; eta Ione Feijoo, Basque. Audiovisual. markako marketin, komunikazio eta nazioarteko garapeneko arduraduna.
Tailer ospetsu hau Euskadin egitea Eusko Jaurlaritzaren (Zineuskadiren bitartez), Arabako Foru Aldundiaren eta Gasteizko Udalaren arteko lankidetzaren emaitza da. Programaren barruan, sei euskal ekoiztetxe aukeratu dituzte aste osoan zehar workshopeko jardueretan parte hartzeko, gidoian espezializatutako mentoretza-saioak eta nazioarteko profesionalekin networking-aukerak barne.
Jardunaldiak Europa Biltzar Jauregian egingo dira, Gasteiz hitzaldi-aretoan, hain zuzen ere.
Nazioarteko topaketa honen egoitzetako bat Gasteiz izateak euskal zinemaren kalitatea aitortzen du, eta azken urteotan Euskadin ikus-entzunezkoen sektorea indartzeko egiten ari den lanari balioa ematen dio.