2026-06-29
‘Decorado’ filmak Paul Grimault saria irabazi du Annecyn, animaziozko zinemaren munduko erreferentziazko jaialdian
Alberto Vázquezen pelikulak bere nazioarteko ibilbide arrakastatsua borobildu du, eta ‘Winnipeg, el barco de la esperanza’ eta ‘Hambre’ lanek ere presentzia nabarmena izan dute sektore honetako nazioarteko jaialdirik garrantzitsuenean.
Euskal animazioak nazioartean distira egin du berriro. Alberto Vázquezek zuzendutako ‘Decorado’ filmak Paul Grimault saria jaso du Annecyko Nazioarteko Animazio Jaialdian; epaimahaiaren aitortza nagusietako bat, hain zuzen ere.
Sari garrantzitsu honekin, Uniko, Abano Producións, The Glow Animation Studio, Sardinha Em Lata eta María y Arnold A.I.E. ekoiztetxeen filmak amaiera bikaina eman dio bere nazioarteko ibilbide arrakastatsuari. Annecyn, munduko animazioaren hitzordurik garrantzitsuenean, lortutako aintzatespenak mugarri bat ezarri du euskal animazioarentzat. Izan ere, azken urteotan inoiz baino argiago erakusten ari da bere sendotasuna eta nazioarteko proiekzioa.
Kritikak eta jaialdiek txalotutako lana
Azken hilabeteotan, animazio-sektorearen nazioarteko topaketa garrantzitsuenetan izan da ‘Decorado’, eta aitortza esanguratsuak jaso ditu bere proposamen artistiko eta narratiboagatik. Horri esker, Alberto Vázquez gaur egungo animazio-zinemako ahots nabarmenetako bat bihurtu da.
Jasotako aitortzen artean daude Animaziozko Film Onenaren Goya Saria, Film Luze Onenaren Quirino Saria, eta Animaziozko Film Onenaren aintzatespenak Forqué Sarietan eta Zinema Idazleen Zirkuluaren Dominetan.
Paul Grimault sariak bultzada berria eman dio nazioarteko ibilbidea zabaltzen jarraitzen duen film luze honi, eta euskal ekoizpenen prestigioa indartu du nazioarteko zinema-erakusleiho nagusietan.
Hiru euskal lan Annecyn
Annecyko euskal ordezkaritza ‘Winnipeg, el barco de la esperanza’ filmarekin osatu da, Elio Quirogak eta Beñat Beitiak zuzendutako lana Contrechamp sailean lehiatu baita. Dibulitoon Studio, El Otro Film, Malabar, La Ballesta eta Dibulitoon Factory A.I.E. ekoiztetxeen filma euskal ikus-entzunezko industriaren talentuaren eta lankidetzarako gaitasunaren beste adibide bat da.
Bestalde, Imanol Ortiz Lópezek zuzendutako eta Orlok Filmsek ekoitzitako ‘Hambre’ film laburra ere Midnight Shorts sailean izan da.
Hiru lan horiek Annecyn izandako presentziari esker, euskal animazioa protagonista izan da, beste behin ere, sektoreko munduko erakusleiho nagusian.

